Astelehenean hasiko dira Laskoain kalea eraberritzeko lanak

Tolosaldeko Ataria 2021ko urt. 8a, 13:05

8 hilabete iraungo dute eta faseka egingo dira. Lanak direla eta trafikoan aldaketak egongo direla esan du Tolosako Udalak.

Bi lan hasiko dituzte datorren astean, Tolosan; Laskoain kaleko irisgarritasuna hobetzeko obrekin hasiko dira astelehenean bertan eta Larramendiko biribilgunea egonkortzekoak ere datorren astean hasiko dira. 

Laskoain kaleko lanekin oinezkoek lehentasun osoa izan dezaten lortu nahi du udalak eta 8 hilabetez luzatuko dira. Obrarekin hasi aurretik, datorren astean Paulo Rekondo kalea prestatuko da: obrak irauten duen bitartean trafikoa birbideratzeko seinaleztapenak jarriko dira, edukiontziak lekuz aldatu eta sarrera irteerak egokituko dira, eta obrak gauzatzeko kasetak ipini eta makinaria eramango da.

Izan ere, obrak irauten duen bitartean trafikoa Paulo Rekondotik bideratuko dute, betiere etxeetako atarietara eta saltokietara oinezko sarbidea bermatuz. Paulo Rekondotik sartu beharko da Felipe Digiols-Laskoain aparkalekura, Foruen etorbidetik Lopez Mendizabal aparkalekura, eta Nafarroa Etorbidetik Laskoain 14-16-18 eta Foruen 9 aparkalekuetara. Tarteka sarbidea galarazita egongo dela ohartarazi du udalak eta abisu bidez jakinaraziko duela astebete lehenago. Bestalde, biribilgune bat sortuko dute Paulo Rekondo kale amaieran autoek buelta hartzeko.


Laskoain kalearen eraberritzearekin oinezkoei lehentasuna eman eta bertako merkataritza jarduera sustatu nahi ditu udalak. Kaleko azpiegiturak eta zorua eraberrituko dira eta espaloiak zabalduko dira, eta, besteak beste, hornikuntza sarea berritu eta hiri altzari eta lorategi berriak jarriko dira. Jasangarritasunaren bidean, saneamendu sarea ere berrituko da euri urak eta ur zikinak bereizteko eta Led argiak jarriko dira kale argiztapenean.


Larramendiko biribilgunea

Datorren astean hasiko dira, baita ere, Larramendiko biribilgunea egonkortzeko lanak eta herriko 4 gunetako asfaltatze lanak. Larramendiko biribilgunea proba gisa ezarri zen semaforoz araututako bidegurutzearen ordez, eta egonkortzeko lanekin hasiko dira aste honetan. Biribilgunea diseinatu eta erdiko irlatxo eta plataforma eraikiko dira, zoladura konponduko da, seinaleztapen horizontal zein bertikala egokitu eta hobetuko da, oinezkoentzako babes-hesiak jarriko dira arriskua dagoen zatitan egurrezko eta altzairuzko hesi mistoak erabilita eta oinezkoentzako pasabideetako galtzada-arrapalak murriztuko dira eremua irisgarriagoa izan dadin.

Lanek irauten duten bitartean trafikoa ez da moztuko eta beharrezkoa den kasuetan bestelako pasabideak jarriko dira. Asfaltatze lanak, berriz, asteartean hasiko dira. Guztira 4 gunetan egingo dira: Andre Mari kalean, Rondilla kalearen atzealdean, San Blas auzoko hilerrirako bidean eta Usabalen, Antenarako bidean. Asteartean Ollaungo bidean hasiko dira eta asteazkenean garbiguneko sarrerara joango dira. Asteazkenean Andra Mari kalea eta Rondilla atzealdeko tren geltokiko bide zatiak ere asfaltatuko dituzte, eguraldiak eragozten ez badu behintzat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!