Biribilgune bat, Larramendin

Ataria 2020ko irailaren 23a

Mugikortasun Astearen barruan, Larramendi eta Ibaiondo kaleen arteko bidegurutzea biribilgune bihurtuko da gaur eta bihar, proba modura, eremu horretako trafiko fluxuak arindu eta segurtasuna hobetzeko helburuarekin.

Beste urte batez, Europako Mugikortasun Astearekin bat egin du Tolosako Udalak, eta hainbat ekintza antolatu dira aste honetarako. Horrela, udalaren Mugikortasun Planean jasotako helburuekin bat eginez, eta bertan landutako ekimenak abiaraziz, Larramendi eta Ibaiondo kaleen arteko bidegurutzea biribilgune bihurtzea izango da gauzatuko den ekintzetako bat. Hala, proba modura, gaur eta bihar biribilgune bat egongo da bidegurutzearen ordez, eta semaforoak itzalita egongo dira.

Neurri honekin Larramendi eta Ibaiondo inguruko trafiko fluxua arintzen den aztertu nahi da. Izan ere, aipatutako eremuan pertsona askok gaizki gurutzatzen dute errepidea, distantziak murrizteko. Gainera, bidegorriaren ondoko espaloietako bat estua denez, batzuetan, txirrindularien eta oinezkoen artean tirabirak sortzen dira. Horregatik, behin-behineko biribilgune honen helburua inguruko segurtasuna hobetzea eta fluxuak arintzea da.

Mugikortasun ikerketen arabera, semaforoak kentzeak eta biribilguneak jartzeak gatazkak murriztu eta fluxuak arintzen ditu. Hala, gaur eta bihar egingo diren proben emaitzak erabakigarriak izango dira inguru horretan hartu beharreko neurriak erabakitzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!