Abian da 'Tolosatzen, keinu txikien herri aliantza' proiektua

Tolosaldeko Ataria 2021ko urt. 7a, 14:45

Hilabete bakoitzean gai ezberdin baten baitako ekarpenak jasoko dira; 'Kontzienteki bizitzea' da urtarrileko gaia. Keinu txiki berriak proposatzeaz gain, horiekiko duten konpromisoa eta asebetetze maila zenbatekoak diren ere neurtu ditzakete herritarrek.

Urte berriarekin batera, Tolosako Udalak martxan jarri du Tolosatzen, keinu txikien herri aliantza proiektua. "Hilabete bakoitzean gai jakin bati lotutako keinu txikiak egitea da helburua, herritar guztien artean Tolosan balio jakin batzuk indartzeko, besteak beste, elkartasuna, berdintasuna, jasangarritasuna eta tokikotasuna", diote antolatzaileek.

Horretarako, egutegi bat osatu dute herritarrek proposatutako keinu txikiekin, egunerokoan hileroko gaiari lotutako keinuak egin ditzaten tolosarrek. "Komunitate bat osatzen dugu eta keinu txiki horien bitartez herritar askoren bizimodua aldatu eta hobetu daiteke, komunitatean bat eginda, etorkizuna elkarrekin marraztuz, bakoitzaren begi eta begiradetatik abiatuta, herritar gisa ahalduntzeko, komunitate bezala indartzeko eta elkar zaintzeko". 

Abenduan banatu zen egutegia Tolosako etxe guztietara, baita herriko ikastetxeetan ere. "Izan ere, ikuspegi pedagogikoa ere badu egutegiak, ariketa honetan parte hartuz, tolosarrok gure egunerokoan komunitatea eta herria sendotu eta hobetzeko keinu txikiak egingo baititugu, Tolosa hobe baten alde". Hori dela eta, ahalik eta tolosar gehienek parte hartzea, eta lagun artean nahiz familian atxikimendua eta konpromisoa sustatzea dira proiektuaren asmoak.

Tolosatzen herri aliantzaren bidez, herritarrak Tolosako errealitatearen eredu eta eraikitzaile izatea sustatu nahi dute antolatzaileek, are gehiago, egun bizi dugun egoeran. "Herritarren parte hartzea eta inplikazioa ezinbestekoak dira, elkarrekin eta guztion artean, Tolosa hobe bat eraikitzeko".

Arestian aipatu moduan, gai ezberdin bat jorratuko da hilabetero. Hain justu, Kontzienteki bizitzea da urtarrileko gaia. "Orainean eta elkartasunean oinarritutako bizimodu lasaiago eta koherenteago bat sustatzea da helburua", diote antolatzaileek. Horri lotuta, honakoak dira hilabete honetan praktikan jartzeko keinuak.

  1. Lasaiago eta kontzienteago bizi. Koherentziaz bizi.
  2. Beste normaltasun bat lortzen lagundu.
  3. Inguruko pertsonei arreta eskaini.
  4. Whatsappa alde batera utzi eta hurbileko pertsonekin aurrez aurre geratu.
  5. Lagunekin lasai hitz egin.
  6. Enpatizatu, entzun eta gertutasuna sortu.
  7. Pertsonez fidatu.
  8. Pentsamendu kritikoa/eraikitzailea garatu.
  9. Gure egoera partikularretik haratago begiratu. Senidetasuna. Elkartasuna sustatu.
  10. Enpatizatu eta beste pertsonen egoerak zaindu.
  11. Bakarrik daudenei konpainia eskaini.
  12. Gutxiagorekin bizi, bizi-kalitatea hobetuta. Bizimodu sinpleagoa.
  13. Denbora baloratu.
  14. Nire printzipioen arabera jokatu.
  15. Bizitzaz gehiago gozatu.
  16. Kontzientzia hartu balio-eskala aldatzeko. Balioekiko koherentzia pertsonala.

Udalak Tolosatzen aliantzari buruzko atal berezia sortu du www.tolosa.eus webgunean, eta bertan ikusi ahal izango dira hilabete bakoitzari lotutako keinuak. Berriak ere proposatu ahal izango dira, eta galdetegi bat betez jakingo du herritar bakoitzak ea kontzienteago bizi izan den eta urtarrileko keinu txikiekiko bere konpromiso eta asebetetze maila zenbatekoa den. "Horrela, komunitate eta herri modura ditugun indargune eta ahulguneak ezagutu ahal izango ditugu".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!