Tolosako Sare-k gogoratu du 17:30ean izango dela herriko mobilizazioa eta Nafarzubia eta Zubiberria elkartuko dituztela. Tolosar askok egin dute bat ekimenarekin, hainbat arrazoirengatik.
Zer eskatzen diozu urte berriari? Zein da bidea?
Martxelo Otamendi, kazetaria:
"Presoen auziari irtenbide orokorra, azkarra eta betirako ematea"
"Presoen auzian orain arte parte hartu ez dutenak bilduta: prestigio handiko gizarte erakundeak, goi mailako kirol taldeak, ospe handiko pertsonak..."
Kike Amonarriz Gorria, euskaltzalea:
"2021ean presoen urrunketarekin eta salbuespenezko legeriarekin behingoz amaitzea. Hori gertatzen bada, premiazkoa den jauzi esanguratsua emango da egoeraren humanizazioan eta bizikidetzan"
"Gizartearen gehiengoaren jarrera ikusarazten jarraitzea eta inplikatutako eragileen artean urratsak egitea gatazkak utzitako ondorioak gainditze aldera"
Irene Larraza, kultur kudeatzailea:
"Euskal jendartearen bizikidetzan eta bakegintzan aurrera egiteko urrats berriak ikusi ahal izatea eskatuko nioke urte berriari. Eta bide horretan ezinbestekoa eta premiazkoa da euskal presoen eta haien familien eskubideak eta duintasun pertsonala eta soziala bermatzea"
"Egun indarrean dauden espetxe politikak eta salbuespen neurriak behingoz ezabatuz, mugaren bi aldeetan legedia bete dadin. Eta gai honekiko ere gizarte osoaren sentsibilizazioa sustatuz, ezinezkoa baita bizikidetasun berri bat eraikitzea giza eskubideak aho batez aldarrikatzeko gai ez bagara"