Tolosako Nafarzubia eta Zubiberria presoen aldeko elkartasunez beteko dituzte larunbatean, hilak 9. 17:30ean hasiko da Sarek deitutako Bidea Gara ekimena eta bidea mugikorrekin edo linternekin argiztatzeko deia egin dute. Ekimena 200 herritar eta 14 eragile inguruk babestu dute eta antolaketa errazteko parte hartu nahi dutenek zein lekutara joango diren argitu behar dute Raku, Amaiur, Asteasuarra edo Xirimirin, edo Internet bidez.
Aurtengo mobilizazioekin Sarek urruntze politikarekin amaitzea eta euskal presoei "sistematikoki ukatu izan zaien" gradu progresioa ezartzea eskatu nahi du. "Aldaketa batzuk ematen hasiak diren arren, oraindik ere, ez da benetako hauturik egin urruntze politikarekin amaitzeko. Euskal presoek Euskal Herriko espetxeetan egoteko eskubide osoa dute, legeak hala jasota. Ondorioz, aurtengo urtarrilean ere, aldarri hau lehen lerroan ezarri dugu, senideei orokorrean eta bereziki haurrei eta nagusienengan duen eragin zigortzailea ahaztu ezinean", esan du Sarek.
Pepi Gorostidi, Etxerateko kidea:
Zer eskatzen diozu urte berriari? Zein da bidea?
"Preso guztiak Euskal Herriratuak izatea, premiazkoa da. Horrek aspalditik portua behar zuen, eta berehala gertatu behar duen zerbait da, jarraian, segidan, kalera atera daitezen"
"Hori lortzeko ezinbestekoa da gobernuak, baita Euskal Herrikoak ere, inplikatzea eta borondatea izatea. Herritarrek beti ondo erantzun dute, herritarrok indar handia dugu, borroka asko egin dugu eta gauza asko lortu ditugu. Urte asko daramatzagu eta ez dago gehiago itxaroterik"