Koronabirusa

Zientziaren urtea

Erabiltzailearen aurpegia Josu Lopez-Gazpio 2021ko urt. 8a, 10:58

Dagoeneko 2021. urteari hasiera eman diogu eta atzean utzi berri dugun urteari agur esan diogu. Urte gogorra izan da, urte latza eta desberdina, espero dezagun horrelakorik inoiz ez errepikatzea. Hala ere, oraindik erronka handiak ditugu aurtengorako. 2020an inoiz baino presenteago egon dira zientziarekin lotutako albisteak eta ziur 2021ean ere horrela izango dela.

Garai oparoetan zientzia baztertu egin izan da beharrezkoak diren diru-ekarpenak egin gabe eta, gero, larrialdi garaietan ez dago egitura nahikorik arazoei aurre egin ahal izateko. Txertoen kasuan nahiko argi ikusi dugu. Aurten Zientziaren Talaiara behin baino gehiagotan iritsi da gaia eta zientziak bere denbora behar duela esan genuen. 2020ak erakutsi digu zientzian dagoela irtenbidea eta baita gure galdera askoren erantzuna. Geroz eta gehiago dakigu COVID-19ari buruz, geroz eta modu eraginkorragoan dakigu gaixotasunari aurre egiten, eta geroz eta alternatiba gehiago ditugu birusari aurre egiteko.

Argi dago albo ondorioak agertuko direla, edozein sendagaik sortzen ditu, baina, ez dezagun ahaztu, arren, albo ondorio horien alternatiba zein den: heriotza.

Hala eta guztiz ere, udazkenean maskararen erabileraren aurkako ahotsak egon ziren bezala, aurten txertoen aurkakoak ere entzungo ditugu, ziur. Batzuk ez dute inoiz ikasten eta maskarei esker lortu duguna ikusi arren, txertoen aurka ere agertuko dira. Txertaketa kanpaina izugarri baten atarian gaude, ziur aski, historia guztian zehar egin ez dena. Argi dago albo ondorioak agertuko direla, edozein sendagaik sortzen ditu, baina, ez dezagun ahaztu, arren, albo ondorio horien alternatiba zein den: heriotza. Txertoen aurkako mugimenduak ez dira oraingoak, Zientziaren Talaian bertan 2017an idatzi nuen horri buruz Ezjakintasunaren izurritea izenekoan. Orduan esandakoak gaur ere balio du eta inoiz baino gaurkotasun handiagoa du ekarpen horrek. Azaldu nuenez, zientzialariok ere akatsak egiten ditugu, noski, eta badugu lana gizarteari azalpenak ematen. Ziur zientzialariok ez dugula jakin kultura zientifikoaren aldeko lana ondo egiten txertoen aurkako argudioek bizirik jarraitzen badute.

Argi dago zientzian jarritako konfiantzak mugak dituela, pertsonak gara, gure beldur eta usteekin. Guztiok ditugu, horren kontziente izan ala ez, ebidentzia zientifikoan oinarritzen ez diren usteak eta guztiok ditugu zalantzak. Txertoek ere zalantzak sor ditzakete eta egia da foku guztiak txertoen garapenean jarrita egote horrek ez duela beti ondo egin. Edozein arazo gertatzen zenean albistegi guztien sarrera hori izaten zen. Hori ez da kezkatzekoa: ikerketa-prozesua ondo egiten ari direla esan nahi du. Eskala handiko txertaketa hasten denean ere, ziur albiste txar solteren bat ere egongo dela, baina, ezin dugu ikuspegi globala galdu.

Guztion alearekin, zientziari esker pandemiari aurre egiteko gai izan ginen urtea izango da. Etorkizunean horrela gogoratuko dugu 2021a.

Horrexegatik, aurten ere zientzia inoiz baino presenteago izango dugu. Historian inoiz egin ez dena egingo dugu eta pandemiaren amaiera ikusten hasiko gara, ziurrenik. Txertoei esker izango da, jakina, guztiok egin dugun esfortzu indibiduala ahaztu gabe. Azken hori txertoa baino eraginkorragoa izan da, ziur. Hau iragarpen gisa idazten dut, baina, ziurrenik urtarrilean zehar Eguberrien ondorio latzak ikusiko ditugu. Ea oker nagoen. Hala ere, ez gaitezen hasi orain polizia-lanak egiten eta begiratu dezagun aurrera. Txertoa iristen zaigun bitartean joka dezagun zentzuz, txertoen inguruan zalantzak dituztenei saia gaitezen kalteak eta onurak argitasunez azaltzen eta ekin diezaiogun 2021ari. Guztion aletxoarekin, zientziari esker pandemiari aurre egiteko gai izan ginen urtea izango da. Etorkizunean ziur horrela gogoratuko dugula 2021a.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!