OMEk argi adierazi du elgorriaren aurkako txertoak %80 murriztu duela gaixotasunaren heriotza-tasa azken 15 urteotan eta, tarte horretan berean, txertoak 20,3 milioi heriotza saihestu dituela. Elgorriaren kasuan eta beste hainbatetan, argi dago txertoen onurak askoz ere handiagoak direla eragin ditzaketen kalteak baino, eta puntu horretan ez dago eztabaidarik zientzia-komunitatean. Guztia hobetu daiteke, eta ikerketak egiten jarraitu behar da, baina, txertoen aurkako mugimenduak kalte izugarria egin diezaioke osasun publikoari. Egia da egun ezagutzen dugun egoeran erosoa dela txertoen aurkako iritzi irrazionalak izatea.
Txertoei esker baztanga desagerrarazi da eta poliomielitisaren desagerpena ia-ia lortu da. Azkenaren kasuan, 1988ko 350.000 kasutatik 2016ko 37 kasutara murriztu dira kaltetuak. Salken eta Sabinen polioaren aurkako txertoei esker 16 milioi lagun elbarri geratzea saihestu dela jotzen du OMEk. Elgorria, difteria eta kukutxeztula %95ean murriztu dira eta tetanosaren eta errubeolaren eragina ere asko murriztu da txertaketa-kanpainei esker. Aipatutako gaixotasun horiek XX. mendearen lehen erdian heriotza arrazoi nagusienak ziren. Gaixotasun horiek munduan milioika lagun hil dituzte eta, jakina, mundu hori ezagutu gabe erraza da txertoen aurka egotea. Erraza eta tristea. Tristea; izan ere, txertoen aurkako mugimenduari zor diogu orain Europan elgorria berragertzea Espainian 2010 eta 2012 urteetan ere izan ziren kasuak. Joan zen astean, esaterako, Italian haur bat hil zen txertatu gabe zeuden bere anaiek elgorria kutsatuta. Egoeraren larritasunaren aurrean, Italiako Gobernuak 0-6 urte bitarteko haurrak txertatzera derrigortzeko legea onartu berri du. Esan behar da, bestalde, egun Europako 14 estatutan dela derrigorrezkoa haurrak txertatzea Espainia ez dago horien artean. Estatu mailan elgorri agerpenak ere gertatzen ari dira une honetan Katalunian eta Nafarroan, eta tristea da konturatzea ezjakintasun hutsagatik gertatzen ari dela hori. Hainbat gaixotasun hilgarriren aurrean gizarteak beldurra galdu du eta, hortik, txertoen aurkako mugimendua zabaltzeko arriskua. Haurren txertaketa-kanpainak beharrezkoak dira eta argi dago txertoen aurkako ideiak ezjakintasun zientifiko tamalgarri baten ondorio direla.
Zientzialariok badugu lana gizarteari azalpenak ematen; izan ere, sineskeriak eta kultura zientifikoaren aldeko lanak oztopo asko ditu. Esaterako, ebidentzia zientifiko guztien aurka, sarritan entzun behar izaten dugu txertoen eta autismoaren ustezko lotura Javier Cardenas aurkezle ezagunaren ahotik, duela gutxi. Ustezko lotura hori Andrew Wakefield zientzialariaren ikerketa batean oinarritzen da, baina, gero frogatu zen ikerketa hori iruzurra izan zela eta datuak faltsutu egin zituztela. Nolanahi ere, kaltea egina zegoen. Horregatik argi utzi behar da txertoen segurtasunaren eta eraginkortasunaren inguruko eztabaidatik ez dagoela adituen artean eta ondo frogatuta dagoela txertoek ekarri dituzten onurak izugarriak izan direla. Jules Hoffmann Medikuntzako Nobel saridunak argi esan zuen txertoen aurkako mugimendua krimen bat dela. Nik ez dakit krimentzat jo beharko litzatekeen edo ez, baina, negargura ematen dit kultura maila altuko pertsonak 1.500 milioi lagunei bizia salbatu dien aurrerakuntzen aurka egon daitezkeela pentsatzeak.