Bi errekor, astebetean

Ataria 2020ko abenduaren 29a

Abenduaren 20an, 4 metro eta 55 zentimetroko marka egin zuen Ander Martinez de Rituerto tolosarrak, pertika jauzian, 18 urtez azpiko Euskal Herriko errekorra ezarriz. Larunbatean, baina, 5 zentimetrotan hobetu zuen marka: 4 metro eta 60 zentimetro.

Hilaren 20an, Gipuzkoako eta Euskal Herriko errekorra ezartzea lortu zuen Tolosa CF Atletismo klubeko atletak, 18 urtez azpiko kategorian, 4 metro eta 55 zentimetroko jauzia egin ondoren. Hala ere, astebete beranduago, Donostiako Belodromoan ospatutako parte-hartze libreko probetan, 5 zentimetro garaiagoko jauzia egitea lortu zuen bigarren saiakeran, errekor berria ezarriz.

Irailean, 4 metro eta 35 zentimetroko jauzia egin zuen, Tolosako errekorra 10 zentimetrotan hobetuz. Hortaz, 4 metro eta 60 zentimetroko marka Tolosako errekor berria da.

Aurreko asteko marka lortu ondoren, Gipuzkoako Atletismo Federazioak egindako elkarrizketan, "oso gustura" zegoela azaldu zuen 17 urteko kirolari tolosarrak. "Oso ondo ari naiz entrenatzen, eta saio horietan egindako lanak fruituak ematen ditu gero txapelketetan". 

Denboraldia hasi besterik ez da egin, eta jada bi errekor ezartzea lortu du. Emaitzak hobetzen jarraitu nahi du Martinez de Rituertok. "Espainiako Txapelketara joan eta ahal den emaitza onena lortzea da nire helburua. Marka hobetzen saiatuko naiz, eta ea aurreko postuetan egotea lortzen dudan".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!