Larramendiko behin-behineko biribilgunea egonkortuko da

Tolosaldeko Ataria 2020ko abe. 29a, 11:59

Probaren arrakasta eta herritarren harrera ona ikusita, biribilgunearen behin behineko konponbideari eustea erabaki du udalak, behin betiko biribilgunea eraiki bitartean. Urtarrilean hasiko dira lanak eta 10 asteko iraupena izango dute.

Tolosa Badabil Mugikortasun Plan berriaren baitan, eta mugikortasun asteaz baliatuta, 2020ko irailaren 23an, Larramendi eta Ibaiondoko kaleen eta Arrameleko zubiaren arteko bidegurutzea biribilgune bihurtzeko froga abiarazi zuen Tolosako Udalak, bertako trafiko fluxuak arintzeko helburuarekin.

Hortaz, semaforoz araututako bidegurutzea biribilgune sistema batera aldatu zen. Auto ilaretan, segurtasunaren pertzepzioan edota estres mailan zer nolako eragina zuen ikusteko balio izan zuen aldaketa honek. Probaren emaitzak adierazgarriak izan zitezen, beharrezkotzat jo zen astebeteko iraupena izatea, herritarrak egoera berrira ohitzeko.

Behin probaldia amaituta, lehen balantzea egin zuten udaletik. "Auto ilarak ia desagertu egin direla ikusi da, baita puntako ordu-tarteetan ere, eta oinezkoen zirkulazioari dagokionez, semaforoak kentzeak areagotu egin du zirkulazioaren arintasuna".

Probaren arrakasta eta herritarren harrera ona ikusita, biribilgunearen behin behineko konponbideari eustea eta biribilgunea egonkortzeko beharrezkoak diren lanak gauzatzea erabaki dute, behin betiko biribilgunea eraikitzen den bitartean.

Eremu irisgarriagoa egin nahian

Egun dauden eta biribilgunea osatzen duten elementuak epe motzerako diseinatu baziren ere, orain ezinbestekoa bilakatu da biribilgunea segurtasun eta funtzionaltasun baldintza egokietara egokitzea, galtzadaren eta espaloiaren espazioak kontuan izanda.

Egun gutxi barru hasiko dira biribilgunea egonkortzeko lanak, eta zehazki, ondorengo lanak egingo dira: biribilgunea diseinatuko da, erdiko irlatxo eta plataforma eraikiko da, zoladura konponduko da, seinaleztapen horizontal zein bertikala egokitu eta hobetuko da, oinezkoentzako babes-hesiak jarriko dira, arriskua dagoen zatitan egurrezko eta altzairuzko hesi mistoak erabilita, eta oinezkoentzako pasabideetako galtzada-arrapalak murriztuko dira, eremua irisgarriagoa izan dadin. Bide argiztapena ere indartu egingo da, semaforoak kenduko dira eta dauden bide marrak ere bai.

10 asteko iraupena izango dute lanek eta Bixente Otegi Lizaso SL enpresa arduratuko da obrak gauzatzeaz, 33.445,79 euroko (BEZ barne) aurrekontuarekin.

Lanak herriko beste gune batzuetan

Era berean, eguberrien ondotik, asfaltatze lanak egingo dira Tolosako lau gune ezberdinetan: Andre Maria kalean, Rondilla kalearen atzealdean, San Blas auzoan (hilerrirako bidean) eta Usabalen (antenarako bidean).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!