Gabonetan jasangarrituna sustatzeko lanketak egin dituzte ikastetxeetan

Ataria 2020ko abenduaren 26a

Laskorain, Herrikide eta Samaniego ikastetxeetan egin dituzte ekimen ezberdinak opor aurretik; guztira 15 irakasle eta 225 ikasle inguruk hartu dute parte.

Tolosako hainbat ikastetxeetan jasangarritasuna  landu du Tolosako Ingurumen Zentroak. Ezagutza eta sentsibilizazioaren bidez, ikasleengan kontsumo ohituren inguruko hausnarketa sustatzea izan da helburua, ekonomia zirkularraren oinarriak ezagutaraziz.

Hori horrela, Tolosako ikastetxeetan bi ekimen egin dituzte, Gabonetako oporren aurretik: alde batetik, Gabonak eta Kontsumoa ekimena, eta bestetik Apaingarri Jasangarrien ekimena. Lehenengo ekimenaren bidez, 5 urteko ikasleekin eguneroko ekintzek planetan, ingurumenean eta osasunean duten eragina landu da. Tolosako 3 ikastetxeek hartu dute parte, zehazki, Herrikide, Laskorain eta Samaniegok. Guztira 15 irakaslek eta 225 ikasle inguruk egin zuten tailer ludiko-praktikoa, eta amaieran eskulan baten bidez apaingarri bat egin zuten "askotan zakarrontzietan bukatzen duten elementuak erabilita"; "horrela, gauza berriak sortu daitezkeela konturatu dira".

Tolosako Ingurumen Zentrotik adierazi dute bizitzen ari garen egoerak “agerian” utzi duela gizartean etorkizunean izango dugun “erronka handienetako bat gure natura-ondarea babestea eta hobetzea” izango dela. Horregatik aztertu dituzte naturak ematen dituen onurak 5 urteko ikasleekin: “Naturak gauza asko ematen dizkigu gizakiari eta horren trukean, gure ardura, bera ere ondo zaintzea eta errespetuz tratatzea da.”

Apaingarri Jasangarrien ekimenaren bidez, herriko ikastetxe guztiei eskola apaintzeko berrerabilitako materialez egindako apaingarriak erabiltzeko proposamena egin zitzaien. Herritar guztiei zabaldu nahi izan zaie keinu jasangarriak egiteko proposamena: apaingarriekin, opariekin eta otorduekin ere aukera jasangarriagoak hautatzeko deia egiten zitzaien.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!