Aurrekontuen hobekuntzarako akordio politikoa proposatu du EH Bilduk

Tolosaldeko Ataria 2020ko abe. 22a, 19:58

Udal gobernuak 2021eko aurrekontuan egindako murrizketak salatu ditu EH Bilduk; borondate politikoa eskatu dio gobernuari beraien proposamenak aurrekontua sartzeko. 

Tolosako udal gobernuak onartu berri duen aurrekontua ez dagoela gaur egungo egoerara egokitua esan du EH Bilduk: "Ez dira egokiak eta nahikoak pandemia baten erdian gauden bitartean". Arlo sozialean, berdintasunean, kulturan eta landa garapenean egingo dituzten murrizketek tolosarren beharrak ez dituztela asetzen esan dute.  

Inbertsio soziala %9a igoko dutela jaso du aurrekontuak. Hala ere, EH Bilduk salatu du 2020ko behin betiko aurrekontuarekin alderatuta, %10eko jaitsiera emango dela datorren urtean, hau da, aurten urtean zehar bideratu diren 3.200.000 eurotatik 2.900.000 eurotara jaitsi dutela. "Beraiek egin duten alderaketa 2020 hasieran aurreikusita zeukatenarekin egin dute, baina badakigu aurreikusita zegoenak eta gaur egungo egoerak ez daukatela zerikusirik; behar sozialak izugarri areagotu dira". 2020ko behin betiko aurrekontuarekin erkatuta, esaterako, gizarte larrialdietarako eta familientzako diru laguntza programetan ez dela aldaketarik emango azaldu dute. 

Era berean, berdintasun arloan ere murrizketak egin dituela salatu dute: besteak beste, Jabetze eskolan, Beldur Barik eta sexu bortizkeria kasuen arreta juridikoan. Arlo horretan esan dute "Emakumeen etxearekin behin eta berriz konpromisoa"  azaltzen dutela gobernuko alderdiek, baina "prozesua gehiegi luzatzen" ari dela. Adibide gisa jarri dituzte Emakumeen etxearen proiektua eta Abegiko obra: "Ekaineko osoko bilkuran Olatz Peon alkateak demagogia hutsez adierazi zuen proiektu horiek ezin zirela aurten egin gabe utzi; 2020a joan da eta ez da ezertxo ere egin".

Kulturan ere %32,5eko murrizketa egin dutela salatu du EH Bilduk, zehazki, 309.000 eurokoa. Horren aurrean, Inauteriak eta San Joanak bertan behera geratu direnez, "alternatibak" jorratu behar direla uste dute, "formatu txikiko ekitaldiak, esaterako". 

Landa garapenean ere, udal gobernuak landa auzoekiko "ahanztura" erakutsi duela esan dute. "2019an 79.000 eurotatik 22.000 euro besterik ez ziren inbertitu eta 2020an 125.000 eurotatik 0 euro". 

Islarik gabeko proiektuak

Udal gobernuak «behin eta berriz» saltzen dituen proiektuak bueltan direla esan dute: Gorriti plaza, kultur etxea, Emakumeen etxea, Abegiko obra, Gernikako arbola, Laskoain kalea... "Deigarriena da hitzez aipatzen diren proiektu horiek 2021eko aurrekontuetan 0 euro dituztela gordeta; kea saltzen du udal gobernuak", esan dute. "Guk aurrekontuari egindako hobekuntza proposamenetan udalaren sarrera-irteerak orekatuta aurkezteko eskatu digute, eta beraiek 2021ean egingo dituztela esan duten proiektu asko eta asko aurrekontuan ez dituzte txertatu".

Aurrekontu proposamena jasotzean, EH Bilduk bere proposamena aurkeztu zuen, eta proiektua "gutxietsi" eta "negoziatzeko gogorik eza" salatu dute udal gobernuaren partetik. "Ez dituzte gure ekarpenak hobekuntza moduan ikusi; behar bada, beste hainbatetan egin bezala, EH Bilduren proposamenak bere egingo ditu aurrerago udal gobernuak". Hori horrela, "egindako murrizketak ezabatzeko", EH Bilduk bere proposamenak urtean zehar gehitzeko akordioa proposatu dio udal gobernuari, nahiz eta ez zaien "formula zentzuzkoena" iruditzen. EAJ eta PSE-EEren aldetik ezezkoa jaso dutela argitu dute.

Esan dute elkarlanerako "borondate falta" agertu dutela bi alderdi horiek. Azpimarratu dute, ordea, EH Bilduk akordiorako prest jarraitzen duela eta borondate politikoa eskatu dio udal gobernuari oposizioko taldearen proposamenak aurrekontuan txertatzeko. "Tolosako Udalak 10 milioi euro baino gehiago ditu altxortegian, eta 2020rako 1,3 milioi euroko superabita aurreikusten da", zehaztu dute. Diru hori, aurrekontuak aberasteko erabiltzea da EH Bilduk eskatzen duena. 2020ko aurrekontua hasieran aurreikusitako 27 milioi eurotik 34 milioietara igo denez, EH Bilduk dio badagoela denbora 2021ean aurrekontu errealak osatzerakoan "murrizketak ekidin eta udal baliabide gehiago herritarren eskura jartzeko".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!