EH Bilduk zortzi emendakin aurkeztu ditu "beharra dutenei inoiz baino gehiago laguntzeko"

Tolosako EH Bilduk zortzi emendakin aurkeztu ditu, udal gobernuak egindako proposamena "edukiz jantzi" eta tolosarrentzat "onuragarriak diren proposamenak gehituz". Ekonomia, kultura, lehen sektorea, gizarte babesa, pobrezia, auzoak, etxebizitza eta energia berriztagarrietan aurkeztu dituzte hobekuntzak.

Tolosako EH Bilduko Andu Martinez de Rituerto, Kristina Pelaez eta Ander Figerido zinegotziek zortzi emendakin aurkeztu dituzte, gaur,  2021eko udal aurrekontua hobetzeko. EAJ eta PSEren udal gobernuak egindako proposamena "edukiz jantzi" nahi izan dute. 

Covid-19ak sortutako ondorioak leuntzeko, Tolosako EH Bilduk "berehala hartu beharreko neurri sorta" aurkeztu zuen duela egun batzuk. Orain, 2021 urteari begira jarri dira, eta udal gobernuak aurkeztutako aurrekontu proposamena aztertu eta gero, zortzi emendakin aurkeztu dizkio EH Bilduk udal gobernuari. "EAJren eta PSEren udal gobernuak aurkezturiko aurrekontuak ez die erantzuten egungo egoerari eta tolosarren beharrei", azpimarratu du Martinez de Rituertok. 

Hurrengo urtera begira prestatu duten aurrekontua "ahula" dela ondorioztatu dute EH Bildutik. "Ez ditu jasotzen Covid-19ak sortu ditzaken arazoei aurre egiteko laguntzak, eta kultura eta festen arloan murrizketa handiak dakartza", adierazi dute.

Era berean, Tolosa bizigarriagoa eta berdinzaleagoa izateko konpromiso irmoa badu Tolosako Udalak, "Kultura eta Festetan, nahiz Berdintasunean murrizketak egitea ez dugu egoki ikusten" nabarmendu du Pelaezek. "Jabetze Eskolan egindako 5.000 eurokoa, esaterako, hori ez da konpromisoa adierazteko modua", dio. "Guri dagokigu politika publiko feministak bermatzea", gaineratu du zinegotziak. Honez gain, Kristina Pelaezek "zaintza erdigunean jartzeko dugun premia" jarri du mahai gainean: "Periferian daudenak erdigunera ekarri behar ditugu eta beharra duten horiei, inoiz baino gehiago laguntzeko garaia da: langabetuei, pobrezia jasaten ari direnei, emakumeei, zaintza behar dutenei, zaintzaileei..."

Guzti honez gain, kulturan jarri dute azpimarra: "Argi geratu da kultura funtsezkoa dela herri bizia izateko, nortasun propioa izateko".

Behin azalpenak emanda, Ander Figeridok azaldu ditu zortzi emendakinak puntuz puntu. 

1. Merkataritza, ostalaritza eta autonomoak laguntzeko plana.
Covid-19aren ondorioz eta osasuna bermatzeko helburuz, sektore ekonomiko desberdinek jasan dituzten ondorio ekonomikoei aurre egiteko 250.000 euroko diru partida bideratzea proposatu dute.

2. Auzoz auzo, formatu txikiko kultur emanaldi eta ekimenen plana.
2020ko Kultura eta Festetako diru partida mantentzea eskatu dute, urte guztian zehar, kultura jarduera desberdinak antolatu ahal izateko. Beti ere, osasun neurriak betez, formatu txikiak proposatuz eta herriko txoko desberdinetan banatuz. Horretarako, 309.000 euro bideratzea eskatu dute.

3. Lehen sektorea eta elikadura plana.
Tolosako ekoizleekin adostuta, ekoizpena handitu eta elikagai soberakinak eskuratuta, egoera zailean eta zaurgarrian dauden Tolosako 230 familien eskura jartzea nahi dute, familia horien elikadura eta osasuna hobetzeko. Kasu honetara, 250.000 euroko bideratuko lituzkete.

4. Zutani elkartearentzat lokala.
Aipatutako 230 familiak gogoan, azpimarratu dute 645 pertsonek jasotzen dituztela elikagaiak Zutani elkarteari esker. Inor babesgabe gelditu ez dadin, Zutanik lan egiteko gune egoki baten beharra ikusi dute; horien banaketa eta gizarteratzean laguntzeko ezinbestekotzat dute. 50.000 euro jarriko lituzkete.

5. Pobreziaren aurkako diagnostikoa
Covid-19aren ondorioz tolosar askoren egoera ekonomikoa okertu egin dela azaldu dute: langabezia, prekarietatea, etxebizitzen gabezia... Ezinbestekotzat ikusi dute egoeraren argazki zehatza izatea, politika integralak diseinatzeko. Diagnostiko hori egiteko, gizarte zerbitzu eta eragile ezberdinen (Zutani, Jatorkin, Caritas,...) arteko koordinazio mahaia osatzea beharrezko ikusten dute. Diagnostikorako 30.000 euro bideratzea nahi dute.

6. Auzoetako inbertsio plan parte hartzailea.
Auzotarrei hitza eman nahi diete, eta Tolosako herrigune zein landa auzoak auzotarrekin batera hobetu, txukundu eta egitekoak zehazteko lanketa modu parte hartzailean gauzatuko lukete: "Herritarrek adieraziko dute nola dagoen auzoa, eta beraiek lehenetsiko dituzte zeintzuk diren egitekoak". Udalak auzoetara jauzi egitea nahi dute, eta 250.000 euro bideratzea lan horiek gauzatzeko.

7. Udal etxebizitzen parke publikoa handitzea.
Egoera txarrean dauden etxebizitzetan arreta jarri, eta etxe jabeek etxeak udalaren esku uztea proposatu dute. Udalak horiek herriko gremioen bidez egokituko lituzke, eta behin bizitzeko moduan jarrita, udal etxebizitza parke publikoan txertatuko lituzke. Obren kostua amortizatu bitartean udalak alokairuan izango ditu etxebizitza horiek, gazteen esku utziz. Proiektu honetarako 350.000 euroko bideratzea proposatzen dute.

8. Energia berriztagarriak
Tolosak energia berriztagarrien sorkuntzan beste jauzi bat emateko beharra duela diote. Tolosako ur deposituetatik behera ur saltoaren bidez energia elektrikoa sortzeko zentral hidroelektriko itzulgarria martxan jartzeko proiektua proposatu dute, horretara 60.000 euro bideratuz.

Zortzi emendakin horien zenbatekoa 1.549.000 eurokoa izango litzateke.

Horren aurrean, EH Bilduko zinegotziek udal gobernuari dei egin diote "emendakinak landu eta onar ditzan". Azken batzordean udal gobernuari esana azpimarratu dute berriz ere, hau da, "aztertu ditzatela hobekuntza proposamenak eta esan dezatela zein den udal gobernuaren adostasunerako prestutasuna".

Bukatzeko, Tolosako EH Bilduk prest dagoela aitortu du 2021eko udal aurrekontua babesteko, "egindako proposamenak onartu eta horren ondorioz aurrekontua tolosarren beharretara egokitzen den neurrian".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!