Abenduaren 24 eta 31n 14:00etatik aurrera Tolosako Carrefourrera ez joateko eskatu dute langileek

Ataria 2020ko abenduaren 22a

Tolosan jarri duten pankartetako bat.

ELA sindikatuak salatu du Carrefour Market Tolosa supermerkatuko langileek "lan karga izugarria" ari direla jasaten, COVID-19a dela eta. Horren aurrean, enpresari eskatu diote abenduaren 24 eta 31ko arratsaldeetan jai ematea, baina enpresak ez du eskaera aintzat hartu. Horregatik eskatu diete herritarrei, bi egun horietan, 14:00etatik aurrera, dendara ez joatea.

"2020 urte oso gogorra izan da Carrefour Market Tolosa supermerkatuko langileentzat", ELAk esan duenez. "COVID-19ak eragindako pandemian lehen lerroan daude, lan karga izugarriak dituzte eta ez dute enpresaren aldetik inongo eskerrik jaso. Salmenten igoeraren ondorioz, lan karga handitu da eta ez dute langileria gehitu. Carrefourrek poltsikoak bete ditu langileen lanaren kontura", gehitu du.

Hori dela eta, sindikatuak "langileen esfortzua eta lana konpentsatu" behar direla esan dio enpresari eta horretarako "modu hoberena" abenduaren 24 eta 31ko arratsaldeetan langileei jai ematea dela esan du. Baina enpresak ez du eskaera onartu. "Langileak haserre daude eta Tolosako kaleetan horrela adiera dute, Gabonak gozatzeko eskubidea aldarrikatuz. Beraz, abenduaren 24 eta 31n 14:00etatik aurrera, dendara ez joateko eskaera egiten dute". 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!