Auzipetuari babesa, epaitegi atarian

Ataria 2020ko abenduaren 18a

Ezpalaren okupazioarekin lotuta gazte bat epaitu dute goizean Tolosako Justizia Jauregian. Tolosaldeko Gazte Fronteak 20:00etan Trianguloan elkarretaratzea deitu du auzipetuari babesa eman eta egoera salatzeko.

Iazko apirilean Ezpala gaztetxearen okupazioarekin lotuta gazte bat epaitu dute gaur Tolosan. Kalteak eragin izana eta eraikinean indarrez sartzea egozten zioten eta fiskaltzak gaztearentzat absoluzioa eskatu du. Akusazioak, berriz, ez du zigorrik eskatu eraikinaren sarreran kalteak eragin izanagatik baina bai usurpazioagatik. Zigor eskaera minimoa egin du delitu horrentzat, hiru hilean egunero hiru euroko isuna. Hemendik astebete ingurura jakinaraziko dute epaia.

"Saioa nola joan den ikusita nahikoa kontentu gaude", esan du auzipetutako gazteak. "Saiatu gara adierazten auzia ez dela bide penaletik eramateko modukoa". Ezpalako kidearen abokatuek jakinarazi dutenez litekeena da epaileak gaztea absolbitzea. "Horrek bide penala itxi eta beste bat irekiko luke, bide zibila. Prozesua luzeagoa da eta aukera emango digu negoziazio bide berriak zabaltzeko, adibidez, udalarekin edo eraikinaren jabearekin", esan du auzipetutako gazteak. Bide horren amaieran, ordea, Ezpalaren desalojoa egon daitekeela uste dute gazteek. "Guk aukera baliatuko dugu gure proiektua mahai gaineratzeko eta jabeari gure asmoak zein diren azaltzeko. Espazio horri erabilera ematen ez zaion bitartean hainbat eragileren beharrak asetzeko gune bat izan daitekeela uste dugu".

Tolosaldeko Gazte Fronteak, gaur 20:00etan, elkarretaratzea deitu du Tolosako Trianguloan auzipetutako gazteari elkartasuna adierazteko eta Ezpala eskualdeko eragile askorentzat erreferentziazko espazioa dela aldarrikatzeko, "bertan ekimen kulturalak, sozialak eta politikoak antolatzeko".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!