Herria ilusioz betetzeko unea

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko abe. 15a, 19:58

'Tolosa bete ilusio' lelopean, gabonetako kanpaina aurkeztu du, eguerdian, Tolosa%Co merkatarien eta ostalarien elkarteak. Beste urte batez, urrezko gozokia banatuko dute; aurten, gainera, animo eta eskertza mezuekin apaindu dituzte kaleak.

Urte berria ilusioz eta indarrez beteta hasteko asmoz, kanpaina berria jarri du abian Tolosa&Co elkarteak. "Ez da urte erraza izaten ari inorentzat. Osasun eta ekonomia arazoek kolokan jarri dute herritar askoren ilusioa, eta une zailak bizi izan dituzte herriko saltoki txiki askok", adierazi du Olatz Iturrioz elkarteko kideak.

Euren ilusioa zabaldu, eta une zailak bizi izan dituztenei zenbait mezu emateko asmoa azaltzen dute merkatariek. Horrela, kanpaina aurrera eramateko, animo eta eskertza mezuak bidaltzeko eskatu zieten herritar eta dendariei. "Asko izan dira parte hartu nahi izan dutenak eta mezu ezberdin asko jaso ditugu. Batzuek, etorkizun koloretsua izateko animo mezuak bidaltzea erabaki dute, beste batzuek, aldiz, pandemia garaian gogor lan egin duten guzti horiei eskerrak emateko idatzi digute. Hala ere, denek dute antzekotasun bat, bihotzez idatzitakoak direla".

Itxaropen mezuak

Mezu horiek zabaltzeko, aparteko eszenatoki bat aukeratu dute merkatariek: herriko kaleak. "Eguberriekin bat eginez, Tolosako kaleak ilusioz eta kolorez betetzea erabaki dugu, eta dagoeneko ikusgai daude herritar askoren mezuekin beteriko banderatxoak". Herritar oro gonbidatzen dute, Tolosako kaleetan zehar buelta bat ematearekin batera, ilusio eta itxaropen mezu hori helarazten laguntzera.

Azkenik, lelo desberdinak dituzten pegatinak banatuko dituzte saltokiek; opari poltsetan edo opari paperetan jartzeko, edo besterik gabe, bezeroari emateko. "Balioan jarri nahi dugu herrian erostearen, herrian kontsumitzearen, eta beraz, herriko saltokiak babestearen garrantzia".

500 euroko gozokia

Ezohiko egoeran egon arren, ohiturak alde batera utzi gabe, herriko dendetan kontsumitzeko deia luzatzearekin batera, promozio berezi bat jarri dute martxan: urrezko gozokia. Tolosa&Co elkarteko kide diren saltokietan gozoki ugari banatzen ari dira, tartean, 50 euroko 50 txeke. "Urrezko gozoki bakarra dago. Hortaz, hura aurkitzen duenak, 500 euroko saria irabaziko du".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!