Olentzero, Mari Domingi eta errege magoak bisitatzeko ordutegia zabaldu dute

Ataria 2020ko abe. 15a, 11:59

Abenduaren 24an eta urtarrilaren 5ean, 12:00etatik 20:00etara bisitatu ahal izango dira Gure Zirkuan; txanda bakoitzeko lagun kopurua ere zabaldu dute. Gaur jarri dira eskuragarri gonbidapenak, www.bibe.me webgunean.

Pasa den astean zabaldu zuen Tolosako Udalak albistea: aurten, Gure Zirkuan bisitatu ahal izango dira Olentzero, Mari Domingi eta hiru errege magoak. Horrekin batera, jakinarazi zuten gaur jarriko zirela eskuragarri bisitetarako gonbidapenak. Hala ere, herritarren artean interesa zabaltzearekin bat, dei eta eskari ugari jaso dituzte, azken egunetan, Kultura Sailean.

Hori dela eta, bisita horietarako ordutegia zabaldu du udalak; hala, herritar gehiagok bertaratu ahal izango dute. Abenduaren 24an eta urtarrilaren 5ean 12:00etatik 20:00etara egongo da eguberritako pertsonaiak bisitatzeko aukera, eta txanda bakoitzeko ere herritar gehiago sartuko da. Aldaketa horiekin, beraz, egun bakoitzean, 2.240 lagun inguru bertaratu ahal izango dira.

Aipatu moduan, gaur jarri dira eskuragarri gonbidapenak, www.bibe.me webgunean. Doakoak dira, eta pertsona bakoitzak, gehienez, sei eskuratu ahal ditu. Herritar asko gonbidapenik gabe geratuz gero, ordutegia gehiago handitzeko aukera aztertuko du udalak.

12:00etatik 20:00etara, 15 minutuko txandak antolatu dira, edukiera neurtzeko. Gonbidapenik gabe ezingo da sartu, eta behin gonbidapena eskuratuta ezingo da azken uneko ordu aldaketarik egin. Gehienez, ordu laurden lehenago gerturatu daiteke zirkura, izan ere, pilaketak ekiditeko ezingo da ilaran zain egon, eta ezingo da sartu norberari dagokion ordura arte; berandu agertuz gero, txanda galduko da. Bestetik, sei urtetik gorakoek musukoa jantzita eraman beharko dute.

Behar direnak baino gonbidapen gehiago ez hartzeko eskatzen dute udaletik; hala, haur guztiek izango dute eguberritako pertsonaiak ikusteko aukera. Gonbidapena izan, eta azkenean joan ezin baduzu, kultura@tolosa.eus helbidera idatzita itzuli beharko da, gonbidapen hori berriz ere eskuragarri egon dadin. Gonbidapenak eskuratzeko arazo edota zalantzarik izanez gero, jarri Tolosako Kultur Etxearekin harremanetan 943 670 383 telefonoan.

Helbide honetan eskuratu daitezke Olentzero eta Mari Domingi bisitatzeko gonbidapenak: https://bibe.me/group/olentzero

Hiru errege magoak ikusteko, berriz, helbide honetan daude eskuragarri gonbidapenak: https://bibe.me/group/erregeen-etorrera-tolosan

Haur eta gazteen egitaraua

Gure zirkuko bisitez gain, haur eta gazteei zuzendutako egitarau zabala antolatu du udalak. Besteak beste, abenduaren 24an jostailu bilketa egingo da Gure Zirkuan. Horrez gain, postontzi erraldoi bat jarri da Trianguloa plazan, Olentzerori, Mari Domingiri nahiz errege magoei eskutitzak bidaltzeko. Bestalde, plaza horretan bertan, karrusela jarri dute, eta urtarrilaren 17ra arte egongo da.

Topic-ek eskaintza berezia antolatu du, hilabete amaierarako. Abenduaren 28tik urtarrilaren 8ra bitarte txotxongilo berriak eraikitzeko tailerrak izango dira, online, www.topictolosa.com webgunean. Abenduaren 30ean, berriz, 11:00etan eta 12:00etan, bisita gidatuak izango dira, haurrek gidatuta, museoa euren ikuspuntutik azaltzeko. Beharrezkoa da izena aldez aurretik ematea.

Tolosako Gazte Topaguneko ekintzak:

  • Abenduak 26, larunbata:
    • 17:00. Just Dance saioa.
  • Abenduak 27, igandea:
    • 17:00. Kirol txapelketak.
  • Abenduak 28, astelehena:
    • 17:00. Estanpazio tailerra.
  • Abenduak 29, asteartea:
    • 17:00. Altxorraren bila, Tolosan zehar.

*Izena emateko azken eguna: abenduak 18.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!