Badatoz azken urteetako eguberri berezienak

Tolosaldeko Ataria 2020ko abe. 5a, 12:16

Urte sasoi honetan ohikoa izaten den kultur jarduera emaria mantendu nahian, egungo egoerara egokitutako egitaraua osatu behar izan du Tolosako Udalak. Kaleko argiei dagokienez, atzo piztu zituzten lehen aldiz.

Herritar askorentzat izaten dira bereziak Gabonak, batez ere haurrentzat, ilusioak eta ametsek bat egiten baitute. Urteari amaiera on bat eman asmoz, sasoi honetan ere ezinbestekoa izaten da tokiko merkatarien lana. Aurtengoak, baina, are bereziagoak izango dira, covid-19aren pandemiak eragindako osasun larrialdia dela eta; krisiak, gainera, erabat baldintzatu du datozen asteetako eskaintza.

Hala ere, egungo egoerara egokitutako egitaraua prestatu du Tolosako Udalak, hiru helbururekin: merkataritza babestu eta sustatzea, haurrentzako eskaintza berezia antolatzea, eta kultur jarduerak mantentzea. «Azoka bereziekin egin den moduan, aukera berriak aztertzen aritu gara, bereziki etxeko txikienei begira. Ohiko moduan burutuko ez badira ere, hainbat ekintza eta jarduera antolatu ditugu», aipatzen dute.

Piztu dituzte argiak

Ez dira batera garai onak herriko establezimendu eta saltokientzat, ezta ostalarientzat ere; krisi ekonomikoak gogor astindu du bertako jarduera. Horiek babesteko eta tokiko kontsumoa sustatzen jarraitzeko kaleetan gabonetako argi apaingarriak mantentzea erabaki du udalak, «urteroko ohiturei eutsiz, baina egungo prebentzio eta segurtasun neurri guztiak beteta».

Atzo piztu zituzten, lehenbizikoz, gabonetako argiak. Herri osoan zehar ezarri dira, eta aurten ere, kontsumo txikiko Led argiak erabili dira. «Herritarrak jai giroan murgiltzea da helburua», azaltzen dute udaletik. Argi apaingarriak ikusteaz gain, musika entzuteko aukera ere egongo da Tolosako kaleetan, hilaren 18tik aurrera. Bestetik, eta aurten Gabonetako Azoka Berezia ospatuko ez bada ere, Azoka Lagunak egitasmoaren baitan, bigarren ikastaroa eskainiko da hilaren 15ean.

Harrerak, Gure Zirkuan

Era berean, atzo ekin zieten emanaldi berriei Gure Zirkuan. San Esteban auzoko aparkalekuaren ondoan kokatu dira, eta hainbat saio eskainiko dituzte datozen asteburuetan. Aurten, baina, bisita berezia jasoko dute. Izan ere, Tolosako haurrek bertan agurtu ahal izango dituzte, Olentzero, Mari Domingi nahiz Errege Magoak. Lehen biak, abenduaren 24an; Meltxor, Gaspar eta Baltasar, berriz, urtarrilaren 5ean.

Egungo testuinguruan, baina, harrera horiek ahalik eta txukunen egin ahal izateko, ezinbestekoa izango da edukierak kontrolatzea eta segurtasun eta higiene neurri guztiak hartzea. Horretarako, pase ezberdinak egongo dira, arratsaldeko 17:00etan hasi, eta 20:00ak bitarte. Guztira, 1.500 lagunentzako dago tokia, eta sarrera doakoa izango bada ere, aurrez jaso behar dira gonbidapenak. Abenduaren 15eko 9:00etatik aurrera eskuratu ahal izango dira www.bibe.me webgunean.

Abenduaren 24an, gainera, jostailu bilketa egingo dute Gure Zirkuan, behar bereziak dituzten haurren artean banatzeko. Beraz, etxean erabiltzen ez diren jolasak bertara eramateko deia egin du udalak. Halaber, Triangulo plazan, postontzi handi bat kokatuko da haurrek Olentzerori eta Mari Domingiri zein Erregeei idatzitako gutunak bertan sartzeko aukera izan dezaten.

Aspertzeko betarik ez

Musikari dagokionez, besteak beste, Tolosako Udal Musika Bandaren, Udal Txistulari Bandaren eta Isidro Larrañaga Akordeoi Orkestraren kontzertuez gozatu ahalko da. «Kulturak bere lekua mantendu du, herritarrek egun horietan ere kulturaz gozatzen eta kultura kontsumitzen jarraitzeko aukera izan dezaten».

Zinemaren kasuan, ohiko saioez gain, Bang Bang saio berezia egingo da, abenduaren 19an, 17:00etan hasita: La princesa prometida eta The goonies. Horrez gain, haur zinema saio gehiago ere antolatu dira. Leidorreko emanaldietarako sarrerak Kutxabanken webgunean eskuratu daitezke; gainerakoak, berriz, www.bibe.me atarian.

Bestetik, Gazte Topaguneak egitarau berezia antolatu du abendurako. Argazki lehiaketa, sukaldaritza ikastaroak, eskulan ezberdinak, kirol txapelketak, dantza saioak edota jolasak izango dira. 17:00etan hasiko dira ekintzak, eta antolatzaileek adierazi dutenez, beharrezkoa da aurrez izena ematea.

Azkenik, txotxongiloek ere izango dute lekua egun seinalatu hauetan. Abenduaren 12tik aurrera, eta urtarrileko lehen asteetan zehar, eguberrietako txotxongiloak izango dira ikusgai saltokietako  erakusleihoetan, Tolosa&Co elkartearen laguntzarekin. Gainera, abenduaren 28tik urtarrilaren 8ra bitarte, txotxongilo berriak eraikitzeko online ikastaroak eskainiko dira Topic-eko webgunean.

2020ko gabonetako kultur egitaraua

Abenduak 18, ostirala

19:00. Isidro Larrañaga Akordeoi Orkestraren eta musika eskolako ikasleen eguberri kontzertua, Leidorren.

Abenduak 23, asteazkena

19:00. Mikro-antzerkiak, Topic-en.

Abenduak 24, osteguna

12:00. Tolosako Udal Musika Bandaren kontzertua, Zerkausian.

Abenduak 28, astelehena.

17:00. Hodei magoa, Leidorren.

Abenduak 30, asteazkena

11:00 eta 12:00. Haurrak bisita gidauen gidari, Topic museoa beren ikuspuntutik azaltzeko (beharrezkoa da aurrez izena ematea).

18:30. Teatro Plus konpainiaren Pequeños Deseos ikuskizuna. Sarrerak: www.topictolosa.com.

19:00. Aita Mari Fundazioaren kantaldia, Leidorren: Eñaut Elorrieta, Mikel Urdangarin...

Urtarrilak 4, astelehena

19.00. Ispirit, euskal gospel kontzertua, Leidor aretoan.

Urtarrilak 6, asteazkena

12:00. Tolosako Udal Musika Bandaren kontzertua, Zerkausian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!