Zeinuen hizkuntza zabaltzen zinemaren bitartez

Tolosaldeko Ataria 2020ko abe. 12a, 18:24

Tolosako Leidor aretoak Zeinu Hizkuntzan Egindako Nazioarteko XI. Zinema Jaialdia hartu du gaur eta film labur onenaren saria Diferente lanak jaso du.

Gironako Claudia Boltek eginiko Diferente film laburra izan da jaialdiko protagonistetako bat, film onenaren saria jasotzeaz gain, gidoi onenarena ere eraman baitu, eta Boltek, gainera, emakumezko aktore onenaren saria jaso du. Beste protagonista Monsieur Michel film labur frantziarra izan da, bere zuzendaria den Julien Bourgesek zuzendaritza, muntaia eta argazkilaritza onenaren sariak eraman baititu. Beste saria, gizonezko aktore onenarena, Eric Alcantarak eraman du, ¡Esto es el colmo! film laburrean egindako lanarengatik. Claudia Boltek zein Julien Bourgesek ezin izan dute egon sari banaketan.

Jaialdiko antolatzaile eta Gainditzen elkarteko kidea den Julian Rodriguez oso gustura azaldu da balantzea egiterakoan: "Urte honetan garrantzitsuena jaialdia egitea zen eta hori lortu dugu. 40 bat pertsona etorri dira Leidorrera, eta ez bada asko ere, ulertzekoa da egungo egoeran. Esan bezala, gure aldetik oso pozik gaude jaialdia egin ahal izan dugulako". Sariak banatzerakoan epaimahaiak adostasun handiz hartu duela erabakia gaineratu du Rodriguezek. Claudia Bolte entzulea da eta berak sariak jasotzeak eztabaida ere sortu duela adierazi du Rodriguezek. "Aurrera begira ikusi beharko du komunitateak zer erabaki hartu dezakeen horren inguruan", zehaztu du, eta garrantzitsuena zeinu hizkuntza dela ekarri du gogora: "Hori da bultzatu nahi duguna jaialdiaren bitartez".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!