Koronabirusa

"Ostalaritzaren gaineko neurriekin pozik, baina oraindik noraezean jarraitzen dugu"

Ataria 2020ko abe. 10a, 07:59

Ostalaritzaren gainean jarri dituzten azken neurriak errepasatu ditu Ataria Irratiak, Jabi Ribero Ama Tabernako nagusi eta langilearekin.

Urriaren 26tik eta azaroaren 6tik indarrean diren neurriak malgutu egingo ditu Jaurlaritzak. Alde batetik, udalerrietatik irteteko debekua kendu du, eta probintziara zabalduko du mugitzeko muga hori; ondorioz, arabarrak Araban, bizkaitarrak Bizkaian eta gipuzkoarrak Gipuzkoan mugitu ahal izango dira. Bestetik, ostalaritzak ateak ireki ahal izango ditu. Terrazez gain, jatetxe zein taberna barruan edukiera %50era arte baimenduko du. Erabiltzaileek mahaiaren bueltan elkartuko dira, eta debekatu egingo zaie zutik edo barran kontsumitzea. Atzo, Labiren bileraren ostean, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak nabarmendu zuen tabernetan maskara eramatea «derrigorrezkoa» izango dela.

Ostalaritzak pertsianak altxatu ahalko baditu ere, bi baldintza bete beharko ditu. Alde batetik, 20:00etako itxi egin beharko du, gaueko zerbitzua nabarmen mugatuz. Gainera, aurreko hamalau egunetan 100.000 biztanleko 500 positibotik gora izan duten herrietan ostalaritzak itxita jarraituko du. Orain, herri handien artean, Arrigorriagak, Ermuak, Arrasatek, Eibarrek eta Ordiziak ez dute betetzen baldintza hori.

Etzitik indarrean

Dekretua bihar argitaratuko da aldizkari ofizialean eta etzi indarrean sartu. Kirol jarduerari dagokionez, sei laguneko taldeen entrenamenduak baimenduko dira, eta %30eko okupazioa duten aldagelak erabili ahal izango dira, baita dutxak ere, «betiere banaka». Bada beste aldaketarik: maskararen erabilera intentsitate handiko ariketetan ez derrigortzearen alde egin du Labik. Urtarrilaren 11n, murrizketak malgutzeko aukera aztertuko du.

Abenduaren 2an, Madrilgo gobernuak erkidegoekin hitzartutako neurrietako batzuk gogortu egin ditu Jaurlaritzak. Esate baterako, EAEtik irten edo bertara joan ahal izango da abenduaren 23tik 26ra eta abenduaren 30etik urtarrilaren 2ra —eta ez abenduaren 23tik urtarrilaren 6ra—.

Gainerakoan hitzartutako neurriei eutsi egin die. Abenduaren 24an, 25ean, 31n eta urtarrilaren 1ean gehienez hamar lagun bildu ahal izango dira, Madrilekin hitzartu bezala: «Iradokitzen da, batetik, hamar pertsona horiek bi bizikidetza unitatekoak izatea eta, bestetik, berdinak izatea ospakizun desberdinetan», esan zuen Urkulluk. Abenduaren 24an zein 31n, etxeratzeko agindua 01:30era luzatuko da, eta gainerako egunetan 22:00etan izango da. Halaber, «pertsonen pilaketak eragiten dituzten ekitaldiak debekatu egingo dira»: hala nola Gabon gaueko eta Errege bezperako kantu taldeak, kaleko jaiak, santomasak, abenduaren 31ko herri lasterketak, Errege Magoen desfileak ... Zahar etxeetan, Eguberrietako bisitetarako araudi berezia ezarriko da.

Urkulluk erantzukizunerako dei berezia egin zuen: «Prebentzio neurri hoberena pertsona bakoitzaren kontzientzian datza. Familia bakoitzak jaiegun hauetarako betiko ohiturak aldatu behar ditu. Eguberri hau ezberdina da,eta ezberdin egin behar dugu. Ezer aldatzen ez badugu, egoerak ez du hobera egingo».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!