ELKARRIZKETA

«Ez dut ezer ulertzen, inori ezin baitizkiot ezpainak irakurri»

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko abe. 9a, 07:59

Larunbatean, Zeinu Hizkuntzan Egindako Filmen Nazioarteko XI. Jaialdia izango da, Leidor aretoan; egungo egoeragatik, baina, erabat baldintzatuta dator aurtengo edizioa, musukoak komunikaziorako harresi bihurtu baitzaizkie.

30 urte daramatza Tolosan Julian Rodrigez Rojok (Donostia, 1963). Haurra zela galdu zuen entzumena, eta orain 18 urte Gainditzen elkartea sortu zuen. Lehendik entzumen arazoak ez dituzten herritarrekin komunikatzeko eragozpenak bazituzten, orain, problematika are handiagoa dela nabarmendu du.

Une honetan, zenbat lagun zarete gorren komunitatearen parte?

Zenbait daturen arabera, espainiar estatuan, 100.000 pertsona gara zeinu hizkuntza menperatzen dugun pertsona gorrak. Euskal Herrira etorrita, 2.500-3.000 inguru gara. Eskualdera mugituz gero, gor komunitatearen barruan sartzen garen 25 bat herritar gaude; Tolosan, berriz, 10.

Hala ere, pertsona gorrez gain, badira entzumen arazoak dituzten herritarrak, zeinu hizkuntza ez dakitenak. Horiek ez dute gor identitatea, eta ez dira gure komunitatearen parte, baina arazo handiak dituzte, guk bezala. Ez nuke jakingo esaten zenbat herritar diren. Tolosaren kasuan, udalak egindako azterketa baten arabera, 200 bat herritarrek dituzte entzumen arazoak.

Gaur egun, zein egoera bizi du pertsona gorren komunitateak, eta nolako eragina izan du COVID-19aren pandemiak?

Eragin handia izan du, izugarria. Musukoak dira eragozpen handiena guretzat. Ez dut ezer ulertzen. Inori ez dizkiot ezpainak ikusten, eta beraz, ezin ditut irakurri. Komunikazioa erabat trabatua da. Aurpegiko espresioak gure hizkuntzaren parte dira, intonazioa zuenarena den bezala.

Esaterako, ia ezinezkoa zaigu medikuarengana joatea. Aurrez aurreko hitzorduetan, dena dago baldintzatuta. Egia da, senitarteko batekin joan zaitezkeela, baina horrek pertsona baten intimitatean eragin dezake, are gehiago, independentea bada. Era berean, badira senitartekorik ez duten pertsona gorrak, eta beraz, inoren laguntzarik izan ezin dutenak. Zer egin beharko lukete? Bizilagunari laguntza eskatu? Hori dela eta, beharrezkoa da medikuak kontziente izatea, eta Osasun Sailak gor komunitateari laguntzak ematea.

Haur gorren kasuan ere, arazoa oso larria da, batez ere, eskoletan. Askok pantailak erabiltzen dituzte, musukoen ordez. Horiei esker, hitz egiten ari den pertsonaren ezpainak irakur ditzakete. Hala ere, entzumen arazo txikiak dituztenentzat, soinua ez da berdin iristen, pixka bat distortsionatuta baizik.

Askorentzat, salbazio modu dira orain musukoak. Zuentzat, baina, harresi bihurtu dira komunikatzeko garaian.

Gai politiko bat ere bada. Goi karguetako ordezkariek ezinbestekotzat jotzen dute musukoaren erabilera. Baina, badira zenbait interes. Egoera eta une jakin batzuetan, nahitaezkoa da erabiltzea; beste batzuetan, berriz, ez. Hortaz, non eta noiz joka dezakegu lasaiago? Eta zergatik?

Gizaki guztiok gaude musukoa eramatera behartuta, baldintza berdinetan jokatu behar dugulako. Hala ere, badira ase nahiko genituzkeen zenbait behar. Adibidez, asko eskertuko genituzke homologatutako musuko gardenak. Guretzat ez ezik, entzumen arazoak dituzten herritarrentzat ere mesedegarriak izan daitezke, ezpainak irakurtzea behar dutelako. Hori dela eta, beharrezkoa iruditzen zait erakunde publikoetan nahiz osasun zentroetan ere horien erabilera bultzatzea.

Eta zein puntutan aurkitzen da homologatutako musuko garden horien ekoizpena?

Arazo handi bat dago. Musuko garden ugari egin dira, baina ez dago Eusko Jaurlaritzak homologatutakorik; beraz, legez ezin dira erabili. Nik badut bat, eta erabili ahalko nuke, herritar askok homologatu gabeko telazko musukoak erabiltzen dituzten bezala, baina kasu horretan nire osasuna jarriko nuke arriskuan.

Herritar askoren mezuak iristen zaizkit, musuko gardenen argazkiekin, eta albisteen loturekin. Baina, denei esaten diet ez direla homologatutakoak. Badirudi musuko gardenak erabiltzeak bizia salba diezagukeela, baina ez da horrela. Horietako asko ez dira seguruak, eta gehienak lurrundu egiten dira hitz egiterakoan. Hortaz, guretzat ezinbestekoa da Espainiako Gobernuak horiek lehenbailehen homologatzea, bestela ezingo ditugu erabili eta.

Orain, beraz, inoiz baino garrantzi handiagoa dute aurpegiko espresioek.

Bai. Hala ere, urteak dira ezpainen irakurketa lantzen dihardugula. Gaur egun, ez da gor guztiok dugun errekurtso bakarra, baina bai oso garrantzitsua. Eta hori irakatsi egiten da, gainera. Gizarteak entzun egiten du; guk ez. Beraz, elkar ulertzeko moduak aurkitu behar ditugu. Zeinu hizkuntza da elkarrekin komunikatzeko dugun tresna.

Inoiz gehiago ez diezazutela esan «itxaron, gero azalduko dizut» esaldia, ezta?

Arazorik ez duten pertsonek elkarren artean ordubetez hitz egiten dutenean, ondoren, bost minutuko laburpena egiten digute guri. Horrek ez dit balio. Pentsa, gor askok ez dute senitartekoekin egon nahi izaten. Hori dela eta, ezinbestekoa da interpretea, guztiok baldintza berean egoteko, baita tokiko telebistan eta zerbitzu publikoetan ere.

Zentzu horretan, zein balio ematen diozu Tolosako Udalak, zeinu hizkuntzaren zerbitzua erabiliz, pertsona gorrei laguntzeko egindako lanari?

Urrats handia da. 2002an sortu genuen elkartea, eta lehen urteak oso gogorrak izan ziren. Ordutik hona, laguntza izugarria jaso izan dugu. Hiru urte dira udalarekin hitzarmena sinatu genuela, eta harro esan dezaket, Tolosan oso ona dela egoera.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!