Ahotsik gabe ere, komunikatu daitekeelako

Tolosaldeko Ataria 2020ko abe. 5a, 16:50

Bi aldiz bertan behera utzi behar izan ondoren, abenduaren 12an ospatuko da Zeinu Hizkuntzan Egindako Filmen Nazioarteko XI. Jaialdia. Guztira, 11 film labur ikusteko aukera izango da Leidor aretoan.

Mugak eta oztopoak gainditzea eta sentsibilizazioa sustatzea ditu helburu Gainditzenek. Entzuteko arazoak dituzten herritarren errealitatea gizarteratzeko eta ezagutzera emateko lan egiten du Tolosaldeko eta Goierriko pertsona gorren elkarteak, eta bide horretan egin berri dute sentsibilizazio astea Tolosan. Abenduaren 12an, berriz, Zeinu Hizkuntzan Egindako Filmen Nazioarteko XI. Jaialdia egingo dute.

Gorren komunitatea osatzen duten pertsonei errekonozimendurako espazio bat eskaini eta aukera berriak sustatzea da jaialdiaren helburuetako bat. Horrez gain, entzuten duten pertsonak gorren komunitatera erakartzea ere lortu nahi da, gorrek egunerokoan dituzten komunikazio arazoei irtenbidea eman eta zeinu hizkuntza bultzatuz.

Azken urteotako hitzorduari hutsik egin gabe eta egoerak ezarritako baldintzak eta zailtasunak gaindituz antolatu du Gainditzen elkarteak aurtengo jaialdia. Olatz Peon Tolosako alkateak gogorarazten du, “tolosarrontzat urteroko zita” dela, “aurtengo testuinguruan are eta beharrezkoagoa dena, musukoen erabilerak komunikazio oztopoak eta komunitate honek dituen beharrak areagotu egin dituelako”.  

Azaroan egindako sentsibilizazio astearen harira, eta pandemiak komunitate honen egunerokotasunera ekarri dituen zailtasunak, mugak eta egoerak kontuan hartuz, Gainditzenek urte luzez egindako lana, eta bereziki aurten egindakoa, azpimarratu, balioan jarri eta goraipatzen ditu Peonek, "benetan txalogarria eta beharrezkoa delako herritarrak sentsibilizatzeko eta pertsona gorren komunitateak dituen beharrak gizarteratzeko egiten duten lana”.

Gainditzen elkarteko kidea da Julian Rodriguez tolosarra. Badaki aurtengo edizioa inoizko bereziena izango dela. "Hemen bizi ez direnek ezingo dute etorri, mugikortasun neurriak tarteko. Jendea beldurrez dago, eta ez da beste urteetan bezain beste ikusle izango". Halaber, eta bi aldiz bertan behera utzi ondoren ere, garrantzitsua iruditzen zitzaion jaialdia aurrera eramatea.

Egoera "oso tristea" dela gaineratzen du Rodriguezek. "Guk, baina, gure koltura, komunikazioa eta hizkuntza babesten jarraitu nahi dugu. Are gehiago egoera honetan, pandemiak eta musukoen erabilerak ekarri dituen zailtasunen ondotik". Azkenik, esker hitzak ditu Tolosako Udalarentzat, "gorren komunitatearekin jator portatzeagatik".

Hori horrela, abenduaren 12an Leidorren egingo den zinema jaialdira joateko gonbita egiten du alkateak. Egun bakarrera mugatu dute aurten jaialdia; hala ere, egitarau betea antolatu dute:

  • 10:15. Leidor aretoko ateak irekiko dituzte.

  • 11:00. Jaialdian parte hartzen duten 11 film laburren proiekzioa. Amaieran, zozketak eta sari banaketa.
    • Comunicacio fatal (Balear uharteak). Iraupena: 8 minutu. Zuzendaria: Josefina Lloret.
    • Diferente (Girona). Iraupena: 9 minutu. Zuzendaria: Claudia Bolte.
    • El album (Bartzelona). Iraupena: 11 minutu. Zuzendaria: Berta Frigola.
    • Esto es el colmo (Bartzelona). Iraupena: 24 minutu. Zuzendaria: Edgar Murillo.
    • Faith (Erresuma Batua). Iraupena: 7 minutu. Zuzendaria: Sahera Khan.
    • Filosofia de les 4 potes (Bartzelona). Iraupena: 14 minutu. Zuzendaria: Eduard Aligue.
  • 30 minutuko atsedenaldia.
    • Loveapp (Bartzelona). Iraupena: 24 minutu. Zuzendaria: Ramon Cervera.
    • Monsieur Michel (Frantzia). Iraupena: 17 minutu. Zuzendaria: Julien Bourges.
    • Naranja, naranja (Madril). Iraupena: 11 minutu. Zuzendaria: Lazaro Contreras.
    • Un dia maravilloso (Sevilla). Iraupena: 7 minutu. Zuzendaria: Ana Grabiela.
    • Y tu que sientes (Tenerife). Iraupena: 13 minutu. Zuzendaria: Veru Rodriguez.
  • 14:00. Bazkaria Botarri jatetxean.

  • 18:00. Santiago Frigola, katalunieranzko zeinu hizkuntzaren ikerlariaren El séptimo arte como fuente de Lengua de Signos hitzaldia, kultur etxean.

Zinemaldirako sarrerak bost eurotan eskuratu ahalko dira, Gainditzenen webgunean edo elkartearen Facebook orrialdean. Horrez gain, lehen aldiz, jaialdia etxetik ikusteko aukera izango da, streaming bidez. Bestetik, hitzaldiko gehieneko edukiera 60 pertsonakoa izango da; hortaz, parte hartzeko aurrez eman behar da izena gainditzen-g@hotmail.com helbidera mezua bidaliz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!