Greba deitu dute bihar eta etzi Gipuzkoako zahar etxeetan

Ataria 2020ko abe. 9a, 07:58

LAB eta ELA sindikatuek deitu dute, lan baldintza duinak eta kalitatezko zerbitzua eskatzeko; bihar, 10:00etan, elkarretaratzea egingo dute Tolosako Plaza Zaharrean.

Bi greba egun proposatu dituzte ELA eta LAB sindikatuek Gipuzkoako zahar etxeetan; bihar eta etzi egingo dira. Eta bihar bertan, elkarretaratzea egingo dute Tolosan, udaletxe aurrean, 10:00etan. Ostiralean, berriz, manifestazioa egingo dute Donostian, 11:00etan. Langileen, egoiliarren eta jendartearen defentsan, mobilizazioan parte hartzeko deia egin dute bi sindikatuek.  

Gipuzkoako egoitzei buruzko hitzarmenaren negoziazioa "desblokeatzeko" eskaera zabalduko dute mobilizazioarekin. Izan ere, sindikatuek gogorarazi dute Gipuzkoako Foru Aldundiak eta sektoreko patronalek hamar urte daramatzatela blokeatuta. ELAk esan duenez hitzarmena berritzea exijituko dute, "adinekoei kalitatezko arreta eman eta langileek merezi dituzten lan-baldintzak izan ditzaten".  

Pandemiaren testuinguruan, zahar etxeetako gabeziak "agerian" geratu direla esan du 
LABek: "Langileok gure osasuna lanean uzten ari gara, modu prekarioan lan egiten dugu eta ordainetan, sektoreko arduraduna den Gipuzkoako Foru Aldundiak ez du egoera hau aldatzeko inongo intentziorik erakutsi". Daukaten onena ematen ari direla ere esan dute. ELAk ere salatu du Aldundiak ez dituela behar adina tresna jarri egoitza askotan bizi duten egoerari erantzuteko, ez langileei dagokienez, ez segurtasun neurriei dagokienez ere.

Sindikatu abertzaleak dio bi lehentasun daudela sektorean muturreko egoerari aurre egiteko: herrialdeko hitzarmena eta langileen kopurua zehazten duten katalogoa egungo egoerara egokitzea. Lehentasun horiez gain, «porrot egin duen sistema goitik behera aldatu beharra» dagoela ere esan du.  

"Enpresek diru publikoarekin negozioa egitea amaitu behar da; pribatizazioan oinarritutako sistema honek langileok bizi dugun prekaritatea areagotzen du eta modu zuzenean eragiten du egoiliarrek jasotzen duten arretan", esan dute.  

Haur eskolak ere grebara

Haur eskoletan ere bi greba egun egitera deitu dute Haurreskolak partzuergoko sindikatuek. Bihar eta abenduaren 16an egingo dute greba. LAB, ELA eta Steilas sindikatuek lan hitzarmenak eta akordioak betetzeko eta negoziatzeko eskatu diote Haurreskolak Partzuergoko zuzendaritzari eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari.  

Adierazi dutenez, hitzarmenik gabe, langileen lan baldintzak "okertu" egin dira, eta zerbitzuaren kalitatea ere "kolokan" jarri dute. Eta gaineratu dute irakaskuntza publikoko gainontzeko kolektiboetan urratsak egin direla, baina ez beraienean. 

Egoerari konponbide bat emate aldera, Zorione Etxezarraga Haurreskolak Partzuergoko kudeatzailearen dimisioa exijitu dute; Hezkuntza Sailari partzuergoa sailaren barnean integratzeko ere eskatu diote eta hurrengo urteetako aurrekontuak handitzeko ere eskatu dute. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!