Mendi elkarteak, urte berrirako prest

Tolosaldeko Ataria 2020ko abe. 7a, 16:43

2021 urterako federatu txartelen tramitazioak egiten hasi dira Tolosako Alpino Uzturre eta Oargi mendi elkarteak. Azken honetan, gainera, elkarteko liburutegia txukuntzen ari dira, eta eskaera bat egin diete bazkideei.

Alpino Uzturre Mendi Elkartea

Tolosako Alpino Uzturre Mendi Elkarteak, ostegunean ekingo dio 2021eko federatu txartela tramitatzeari. Ezohiko egoera tarteko, aurten, hiru bide daude horretarako:

  • Aurrez aurre: Elkartean bertan, abenduan eta urtarrilan (asteartero), 19:00etatik 20:00etara.
  • Telefonoz: abenduan eta urtarrilan (astelehenetik ostegunera), 19:00etatik 20:00etara, 943 652 789 zenbakira deituz.
  • E-mailez: info@alpinouzturre.eus helbide elektronikora mezua bidaliz.

Elkartetik adierazten dutenez, www.alpinouzturre.eus webguneko zerbitzuak atalean aurki daiteke tarifen, istripuen ondorioz jarraitu beharreko protokoloen nahiz bestelako gaien inguruko informazioa.

Oargi Mendi Elkartea

Bestalde, Oargi Mendi Elkartean hasiak dira jada 2021eko federatu txartelen tramitazioak egiten. Txartelaren eskaera egiteko, lehenik, orri bat bete behar da datu pertsonalekin. Ondoren, dirua sartu behar da Laboral Kutxako kontuan. Elkartetik gogorarazten dute, federatu nahi duen pertsonaren izen-abizenek agertu behar dutela ordainagirian. Azkenik, elkartean aurkeztu behar dira betetako orria eta diru sarreraren ordainagiria. Honako hau da elkarteko bulego zerbitzuaren ordutegia: astelehena eta osteguna, 19:00etatik 20:30eara.

Federatu txartela egin ondoren luzapen bat eginez gero, luzapena soilik ordaindu behar da. Txartela etxera bialtzea nahi dutenek, euro bat gehiago ordaindu beharko dute. "Federatuen prezioan jada sartuta dago 20 euroko bazkide kuota. Beraz, Oargiko federatu oro Oargi Mendi Elkarteko bazkide da", jakinarazten dute.

Internetez ere badago federatzeko aukera, oargimendi@gmail helbidera mezua bidaliz. Bizi dugun egoera dela eta, txartela egiteko bete beharreko orriak helbide elektronikoz bidaltzea gomendatzen dute elkartetik. 

Mendiko literaturaz asetzeko gogoz

Elkarteko kideek, gainera, mezu bat dute federatzeko txartela egitera gerturatzen diren mendizaleentzat: "Bazkide gazte batzuen eskaria jaso eta gero, konturatu gara gure liburutegian ia ez dagoela mendiko literaturari buruzko libururik. Horregatik, hona hurbilduko zaratela aprobetxatuz, horrelako irakurgairik baduzue, etxeko apal batean hautsa hartzen ari direlako edota horiekin zer egin ez dakizuelako, jakinarazten dizuegu klubean jasotzeaz poztuko ginatekeela".

Diru gastu bat egin aurretik, iristen zaizkien liburuen sailkapen bat egingo dute. "Agian, lortzen zaila den aleren bat irakurtzeko aukera izango dugu". Gainera, liburu bakoitza nork uzten duen jakitea "polita izango litzatekeela" diote, "elkarteko zigiluarekin batera, liburuan idatzita joan dadin".

Honekin batera, elkartean bertan liburutegi zabal bat dutela gogorarazten diete bazkideei. Besteak beste, mapak, liburuak edota gidak dituzte eskuragarri. Bestetik, ekintza ezberdinetarako materiala alokatzeko aukera eskaintzen dute. "Urtean zehar mendi elkarteak antolatzen dituen ekintzetan parte hartzera animatzen zaituztegu", gaineratzen dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!