Bizikletak espazio publikotik kentzeko deia

Ataria 2020ko abenduaren 5a

Bizikleten jabeek, gaurtik hasi eta hurrengo igandera bitarteko (abenduaren 13a) epea dute Zerkausitik nahiz Berdura Plazatik bizikletak kentzeko; egin ezean, udaltzainek konfiskatuko dituzte.

Bizikleta aparkaleku asko daude Tolosan; hala ere, udaletik adierazi dutenez, azkenaldian gero eta bizikleta gehiago azaldu dira espazio publikoan aparkatuta eta utzita, horretarako prestatuta ez dauden eremuetan, alegia, besteak beste, Berdura Plazan eta Zerkausian. "Alde Zaharreko ondarea babesteko, azkenaldian bi eremuek islatzen duten itxura narratsa sahiesteko eta jabari publikoaren erabilera zuzena sustatzeko, bertan bizikletak aparkatzea debekatu da", diote udaletik.

Bizikleten jabeek, gaurtik hasita, bederatzi egun dituzte leku horietatik bizikletak kentzeko. Denbora hori igaro ondoren, bizikletak erretiratu eta jaso ahal izango dituzte udaltzainek. "Erabiltzaileen kontura izango dira konfiskatzeak eta udal-gordailuan gordetzeak sortutako gastuak, eta bizikleta berreskuratu aurretik gastu horiek ordaindu beharko dira. Utzitako bizikletak, berriz, hondakin deklaratuko dira, baldin eta berreskuratzeko edo erabiltzeko baldintza egokiak betetzen ez badituzte".

Bizikleta aparkaleku berria Musika Eskola atzean
Azken osoko bilkuran, kreditu aldaketa egitea onartu zuen udalbatzak, Musika Eskolaren atzean bizikleta aparkaleku estali berria eraikitzeko. Dagoeneko martxan dago prozesua, eta datozen asteetan ekingo zaie lanei. "Modu honetara, bizikletak uzteko aukera berriak eskaini nahi dizkiegu herritarrei, espazio publikoaren erabilera zuzena sustatu eta bizikletak horretarako prestatuta dauden guneetan aparkatu ditzaten". 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!