Oyarbide eraikineko eranskina erosiko du Tolosako Udalak

Ataria 2020ko abenduaren 3a

Azken osoko bilkuran mailegu aldaketa adostu zuen Tolosako Udalak; horri esker Gorriti plazako Oyarbideko eranskina erosi eta eraitsiko du, plaza berritu ahal izateko.

Legealdi Planean jasotako egitasmo estrategikoetako bat da RC2 gunearen berrantolaketa integrala, Tolosako Udalak esan duenez, eta azken osoko bilkuran pausoak eman zituzten bide horretan. Horiek horrela, eta Alde Zaharra biziberritzearen aldeko apustuan, 682.000 euroko mailegu aldaketa egitea onartu zuten.

Mailegu aldaketa horri esker  udalak Oyarbide eraikineko eranskina bereganatu eta eraitsiko du eta lan horien ondotik, Gorriti plaza berrituko dute. Lanak datorren urtean hasiko dira. 
Azken osoko bilkuran beste mailegu aldaketa bat onartu zuten. 47.000 euroko kreditu aldaketa egingo dute beraz, Usabaleko 3. fasearen azterketarako. Guztira 729.000 euroko mailegu aldaketa egitea onartu zen. 
Mailegu aldaketei dagokienez, 17.000 eurokoa onartu zuten osoko bilkura semipresentzialak egin ahal izateko eta 214.000 euro hirigintzako eskakizun eta lan ezberdinetarako. Besteak bestea, haizeteek sortutako kalteei erantzuteko; eraikin ezberdinetan gauzatu behar izan diren mantentze lanetarako; Amarotz auzoko urbanizazio eta aterpearen proiekturako; eta musika eskola atzeko bizikleta aparkaleku berrirako.  

Bestalde, Udaltzaingoko langileen zerrenda egonkortu eta hutsik dagoen plaza bat betetzeko hautaketa prozesua hasiko du udalak, urtea bukatu baino lehen. Tolosako Merkataritza eta ostalaritza sektoreak indarberritzeko abian jarritako diru laguntzen harira Tolosako Udalaren Diru Laguntzen Plan Estrategikoan aldaketa egitea onartu zuten ere eta baita Euskal Herria plazako hotela eta jatetxe-kafetegia ustiatzeko obra eta zerbitzu emakidaren kontratuaren oreka ekonomiko-finantzarioa berraztertzea ere. Mozioei lotuta 3 onartu zituzten; emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko konpromisoari lotutakoa, Euskararen Nazioarteko Egunari buruzkoa eta  Mendebaldeko Saharan bizi den egoerari buruzkoa. Lehen biak aho batez onartu ziren, eta Saharari lotutakoan PSE-EEk aurkeztutako mozioa gai zerrendatik kendu eta gai beraren inguran Euskal Fondoak egindakoa onartu zen EAJ eta EH Bilduren aldeko botoekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!