Hogei urteko ibilbidea jaso dute zuzeneko diskoa grabatuta

Tolosaldeko Ataria 2020ko abe. 2a, 07:58

Alos Quartet taldeak '20 urte zuzenean' disko berria kaleratu du; lau emanalditan grabatutako hemezortzi konposiziorekin osatu dute.

Ia kasualitatez osatutako laukoteak, hogei urte bete ditu zuzenekoetan. Alos Quartet taldea da Xabier Zeberio, Lorena Nuñez, Francisco Herrero eta Ivan Carmonak osatua. Orain, hogei urteak ospatzeko eginiko kontzertu berezietan grabatutako abestiekin diskoa argitaratu dute. 20 urte zuzenean izeneko diskoa, taldearen ibilbideko bakarkako bosgarren lana da.

Gasteizko Principal Antzokian, Donostiako Victoria Eugenian, Tolosako Leidor antzokian eta Bilboko Azkuna Zentroan eskaini zituzten kontzertuetan grabatutako abestiak dira diskoan bildu dituztenak. Jean Phocasek egin zituen grabaketa lanak, eta emanaldi berezi horietan sortutako «magia eta Alos Quarteten zuzenekoetako esentzia» gordetzen dituela disko berriak adierazi dute taldetik.

Zuzeneko energia eta bat-batekotasunaz osatutako konposizioak direla nabarmendu dute diskoan bildu dituztenak. Taldearen hainbat doinuren bertsio berrituak eta erregistratu gabeko piezak ere nahastu dituzte.

Lau emanaldi berezietan izan zuten, eta honenbestez diskoan parte hartu duten aparteko artisten zerrenda ere nabarmendu dute: Oreka TX; Izaro; Hertzainak taldeko Josu Zabala eta Gari; Gorka Hermosa; Oskorri taldeko Natxo de Felipe, Anton Latxa eta Bixente Martinez; Aitor Etxeberria; Iñigo Egia; Ivan Alzate...

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!