Tolosa iraunkorragoa izatea dute helburu

Tolosaldeko Ataria 2020ko abe. 2a, 11:59

Herriko ikastetxe guztiek hartuko dute parte Eskola Agenda 30 egitasmoan; hizkuntz aniztasuna landuko dute, besteak beste.

Eskola Agenda 2030 egitasmoan Tolosako ikastetxe guztiek hartuko dute parte Ikastetxe iraunkorra herri iraunkorrean lelopean, eta «gizakia eta ingurumenaren arteko errespetua eta oreka lantzea, eta Tolosa herri iraunkorragoa bihurtzea» izango du helburu.

Ingurugela eta Tolosako Ingurumen Zentroak koordinatuko dute proiektua beste behin. Aurreko ikasturtean ekonomia zirkularraren inguruan egin zen lanketa, ogi soberakinekin garagardoa egiteko proiektu pilotuaren bitartez. Aurten Garapen Iraunkorreko 17 Helburuak izango dira ardatz, pertsonak, planeta eta oparotasuna babesteko. Euskal Herrian, helburu horiei bat gehitu zaie: kultur eta hizkuntza aniztasuna.

Aipatu moduan, Tolosan ikastetxe guztiek hartuko dute parte, eta adin ezberdineko 4.750 ikasle inguruk dagokien mailari egokitutako lanketa egingo dute, «guztien artean Tolosa iraunkorragoa eta jasangarriagoa egiteko».

18. URTEURRENA

Egitasmoaren 18. urteurrena da aurten eta trantsizio ikasturtea dela adierazi dute koordinatzaileek. «Eskola Agenda 21 proiektuari esker, Tolosako eskola-komunitateak udalerriaren garapen jasangarrian parte hartu du, ikasleei demokratikoki herriko erabakietan parte hartzeko aukera eman baitzaie», azaldu dute. Hala, 18. urteurrena lan egiteko modu berrietara egokitzeko trantsizio-ikasturtea izango dela diote. Hezkuntza-programa mundu-mailan eta toki-mailan sortu diren eszenatoki berrietara egokitzeko beharretik jaio da Eskola Agenda 2030, Agenda 21en jarraipen eguneratua.

Tolosarekin batera, Tolosaldeko beste bederatzi herrik ere hartuko dute parte egitasmoan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!