Sari nagusia 'Azala' izeneko argazki sortarentzat

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko aza. 28a, 20:56
Tolosa Herria 2020 Argazki Lehiaketako sariak banatu dituzte, eta argazki sarituak ikusgai jarri dituzte artxiboaren ondoan. Hiru argazkiko seriearen lehen saria Sonia Zubeldiak jaso du Azala izeneko argazkiengatik. Bertakoen lehen saria Ibon Azpilikuetaren Zarautz pinhole lanak eskuratu du, eta gazteen mailan, lehen postua Beñat Rodrigok lortu du, Elurraren argitasunean argazkiarekin.

Targazki, Tolosaldeko Argazki Taldeak banatu ditu aurtengo Tolosa Herria 2020 Argazki Lehiaketako sariak.

Aurten, argazki lehiaketan 331 argazkilarik parte hartu dute. Tolosako eta Tolosaldeko herritarrez gain, Euskal Herriko eta munduko beste leku askotakoek parte hartu dute. Zehazki, 108 parte hartzaile izan dira Euskal Herrikoak, eta horietatik 14 izan dira Tolosaldekoak.
Antolatzaileek aipatu dutenez, "parte hartze internazionala izan da, eta esaterako India, Eskozia, Iran, Hungaria edo Hego Ameriketako leku askotatik jaso ditugu argazkiak". Hego Ameriketako 16 parte hartzaile izan dira, Europako bost eta Asiako 4. Aldiz, gazteen aldetik parte hartze txikia izan dutela azpimarratu dute. Bostek parte hartu dute. Beste behin ere gizonezkoen parte hartze handia izan dela aipatu dute, nahiz eta emakumeen parte hartzea gorantz doan. Parte hartzaileen %70a gizonezkoa izan, eta %30 emakumezkoena.
 
Aurten, helduen atalak berrikuntza izan du. Hiru argazkiko serieak eskatu dituzte lehiaketan parte hartu ahal izateko.
 
Gazteen sariak:
1. Beñat Rodrigo. Elurraren argitasunean
2. Aitz Gurrutxaga. Astoa mendian
3. Imanol Lopetegi.  Naturan jolasean

Bertako sariak:
1. Ibon Azpilikueta. Zarautz pinhole
2. Miren Atxaga. Kirolean
3. Ruben Caceres. Una vida nueva

Hiru argazkiko kolekzioaren sariak:
1. Sonia Zubeldia. Azala
2. Francisco Tejada. Luz e incienso
3. Jose Agustin Gurrutxaga. La piscina
 
Sariak emateko ardura Targazkiko ordezkariek izan dute, eta alboan izan dute Tolosako Udaleko zinegotzia den Izarne Iglesias. Esan behar da irabazleetako batzuk ezin izan direla sari banaketara bertaratu. Behin sariak banatuta, erakusketa zabalik geratu da kalean. Formatu handiko erakusketa jarri dute artxiboaren inguruan, beraz, edozein momentutan ikusi daitezke aurtengo lehiaketako argazki saridunak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!