Egokitzapen lanak egin ondoren, berriro zabaldu dute Elosegi parkea

Ataria 2020ko azaroaren 27a

Azken haizeteek sortutako kalteak konponduta eta parkean segurtasunez ibili ahal izateko ikuskapen lanak egin ondoren irekiko da berriro parkea.

Urriaren 21 gaueko haizeteek hainbat kalte eragin zituzten Elosegi Parkean. Geroztik, herritarren segurtasuna bermatze aldera, itxita egon da. Orain, konponketa, egokitzapen eta ikuskapen lanak egin ondoren, berriro ireki dute segurtasun berme guztiekin. Udaletik adierazi dute parkearen goiko gunean eragin zituela haizeak kalte gehien, "hainbat zuhaitz, adar eta enbor kaltetuz". Gianeratu dutenez, parkearen ezaugarriengatik, lanak egin ahal izateko beharrezko makineria mugitzerakoan hainbat zailtasun sortu dira, eta horregatik luzatu dira lanak.

Zedroz, zipresez, haritzez, pagoz eta ezkiz osatutako baso txiki bat da Elosegi parkea, muxarren, koartzen, saguzarren, anfibioen eta intsektuen babeslekua. Berdegune hau asteartean zabalik egongo da berriro ere herritar guztientzat. Aisialdirako gune gisa ireki zen parkea uztailean, eta egunero egoten da irekita, 8:30eatik 21:00ak arte. Gogorarazi dutenez, debekatuta dago parke barruan dagoen bidetik ateratzea, segurtasunagatik. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!