Birtualki egingo dute astearteko solasaldia, Tolosako Jabetze Eskolaren barruan

Ataria 2020ko azaroaren 27a

Indarkeria matxistei aurre egiteko esperientzia kolektiboak partekatzeko saioa izango da. Egoerak hala behartuta, zoom plataformaren bidez egingo dute; parte hartzeko, aurrez eman behar da izena.

Farapi Kooperatiba Elkarteak dinamizatuta, indarkeria matxistei aurre egiteko esperientziak partekatuko dituzte, asteartean, Tolosako Jabetze Eskolaren saio berri batean. Berez, kultur etxean ziren egitekoak, 18:00etatik 20:00etara; baina, egungo egoerak hala baldintzatuta, online egingo dute, zoom plataformaren bitartez. Ordutegia mantendu egingo da, eta saioa gaztelaniaz izango da. Parte hartu nahi dutenek aurrez eman behar dute izena, berdintasuna@tolosa.eus helbide elektronikora mezua bidaliz edo 943 670 383 telefono zenbakira deituz.

Ondorengo hizlariek hartuko dute parte solasaldian: Pepa Bojo Ballester (Jabetze Eskoletako hezitzailea eta emakumeen aurkako indarkeriaren terapeuta), Aitziber Borgas Unanue (Basauriko Zure Ondoan Taldea), Nerea del Campo (Eibarko Mujeres al Cuadrado Elkartea), Ana Lopez (Donostiako Emakumeen Etxeko Las Antiagresiones Batzordea), Yolanda Torres (Guerreras, Deba Garaiko Emakumeen Elkartea) eta Beatriz Zalakain (Sorburu Kooperatiba Feminista).

"Indarkeria matxistaren askotariko adierazpenei aurre egiteko ekimenak gero eta beharrezkoagoak dira. Saio honetan, Euskal Herriko esperientzia kolektibo batzuk, haien ikaskuntzak, zailtasunak, lorpenak eta erronkak jorratuko dira. Gaia gehiago ezagutu, horri buruz hausnartu eta eztabaidatzeko aukera izango dugu", diote antolatzaileek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!