Martxora arte luzatu dute ostalaritzako bonuen erabilera epea

Ataria 2020ko azaroaren 25a

Udalak eta ostalariek neurri berriak aztertzen jarraitzen dute; laguntza lerro berri bat jarri dute martxan, eta bihar arte eskatu daiteke

Pasa den astean, herriko ostalaritza sektoreko ordezkariekin bildu zen Tolosako Udala, itxieraren aurrean, neurri berriak aztertu eta adosteko. Besteak beste, terrazen araudia berrikusten eta malgutzeko aukera aztertzen ari dira, terrazak kokatzeko eta horiek handitzeko aukera izan dezaten ostalariek, betiere, elkarbizitza eta irisgarritasuna bermatuta. Tasak salbuestea ere aztertutako beste neurrietako bat da, jarduera lizentzien iraungitea indargabetzearekin batera. «Jasaten ari diren egoera zailaz jabetuta, eta orain arte bezala, elkarlanean jarraitzeko helburua dugu», diote udaletik.

Ondorioz, eta egungo osasun egoera dela eta, ostalaritza establezimenduak itxita egoteak bonuen erabilera baldintzatu du; horregatik, horien epea luzatzea erabaki da. Izan ere, asko dira ostalaritzan erabiltzeko bonuak erosi eta oraindik erabili ezin izan dituzten herritarrak. Beraz, eta une honetan bonuak kontsumitu ezin direla kontutan izanik, horiek erabili ahal izateko epea abenduaren 7tik martxoaren 31ra luzatzea erabaki dute. Merkataritzara bideratutako bonuak, berriz, abenduaren 31ra bitarte erabili ahal izango direla gogorarazten dute udaletik.

120.000 euroko laguntza

COVID-19ak eragindako kalte sozial eta ekonomikoei aurre egin, eta hiri ekonomia suspertu eta berraktibatzeko asmoz, hainbat neurri hartu ditu udalak: bonuen kanpainak, salbuespenak tasetan, diru laguntzak edota terrazentzako espazio publikoaren erabilera handiagoa.

Orain, ostalaritzari eta merkataritzari bideratutako laguntza lerro berria jarri da abian. Guztira, 120.000 euro bideratuko dira, egoerara egokitzeko establezimenduek egin dituzten inbertsio gastuei aurre egiten laguntzeko helburuarekin. Bihar amaitzen da eskaerak aurkezteko epea.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!