Koronabirusa

Jendetzak babestu du ostalaritza

Ataria 2020ko azaroaren 21a

Manifestazioa egin dute Tolosan ostalaritza babesteko eta jende ugari elkartu da. "#Babestu Ostalaritza" zioen musukoa eraman dute hainbat parte hartzailek.

Trianguloa plazatik abiatu da manifestazioa, eta zezen plazaraino joan ondoren, Trianguloa plazatik berriro pasa eta Alde Zaharretik itzulia egin dute. Segurtasun tartearekin egin dute mobilizazioa eta horrek ere luzeago egitea ekarri du, baina manifestazioaren muturra Trianguloa plazara iristen ari zela, Rondilla eta Korreo kaleak guztiz beteta zeuden. Ostalariak eta langileak, bezeroak eta hainbat kirol taldeetako kideak elkartu dira manifestazioan. Atzetik hainbat banatzaile joan dira euren furgonetekin. Mobilizazioan zehar txaloak jo dituzte parte hartzaileek, eta Trianguloa plazan elkartuta zeudela, txalo zaparrada handia eskaini die banatzaileei bertatik pasatzean.

Manifestazioaren bukaeran, Iñigo Asensiok testu bat irakurri du, tabernak babesleku direla gogoraraziz. Javi Riverok eskerrak eman dizkie parte hartzaile guztiei emandako babesarengatik, eta Josu Artutxak bertsoa abestu du:

    Bapatean dena itxi
    eta gorde behar giltza
    langile asko kalean
    ez da ez ona baldintza
    nahiz neurri guztiak bete
    zein gorra den Jaurlaritza
    noizbait itzuliko gara
    lortu nahian bagabiltza
    babestu dugu kirola
    kultura ta herrigintza
    sozialki herritarrei
    eman dizueu bizitza
    milesker gaurkoagatik
    harrotasuna da hitza
    segi indar berarekin
    babestuz ostalaritza

Erlazionatuak

"Gu ere funtsezkoak gara"

Naiara Roldan de Aranguiz 2020 aza 21 Amasa-Villabona

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!