Koronabirusa

"Gu ere funtsezkoak gara"

Naiara Roldan de Aranguiz 2020ko aza. 21a, 13:03

Ehunka herritarrek babesa adierazi diete Amasa-Villabonako ostalariei gaurko deituta zegoen manifestazioan parte hartuz. Ostalarien jarduera ekonomikoa zein soziala gizartearentzat "ezinbestekoa" dela oihukatu dute herrian barrena. Azaroaren 7az geroztik, eta Eusko Jaurlaritzak ezarritako aginduaren ondorioz, taberna eta jatetxeek euren ateak itxita dituzte. Egoeraren larritasuna adierazteko aldarrikapen eguna izan da gaurkoa.

Amasa-Villabonako manifestazioa eguerdian abiatu da Errebote plazatik. Udaletxe paretik abiatu, eta bozina hotsek lagunduta Irualdeta tabernan, Kale Berria hartu eta herria zeharkatu dute ehunka manifestarik. Beti ere, COVID-19ak ezarritako neurriak errespetatuz, bi ilaratan kokatu dira manifestariak, maskarak jarrita euren leloak zabaldu dituztelarik. 

Manifestazioa irekitzeko pankartan S.O.S.talaritza irakurtzen bazen ere, beste errebindikazio ugari ere azaleratu nahi izan dituzte herriko ostalariek. Adibide batzuk baino ez dira ondorengoak: "Aisia eta kultura ez dira delitu" edo "STOP kriminalizazioa".

Diru laguntza eskaerei erreferentzia egiten zieten leloak ez dira falta izan, Xaldu tabernara bitarteko bidean: "Zuk ixten baduzu, zuk ordaintzen duzu". Eusko Jaurlaritzari zein Urkullu lehendakariari zuzendutako mezuak ere baziren: "Zu baino funtsezkoagoak gara". Pandemia garaian politikariek izandako jarrera salatu nahi izan dute ostalariek, eurekiko babesgabetasuna azalduz: "Politikariak zuek ez zarete funtsezkoak".

Azken batean, lanerako duten eskubidea bermaturik ikustean nahi dute taberna zein jatetxetako langileek: "Osasuna bai lana denontzako".

Askoren lan-tresna diren koilara eta zartaginak kaleetara atera dituzte, aldarrikapen mezuak errebindikazio hotsez laguntzeko. Eta hileta-martxa batean bezala, "Salba dezagun ostalaritza. RIP" mezuak ere irakurri dira manifestarien karteletan.

Eskari zuzenak

Hainbat jatetxeek etxera eramateko zerbitzua martxan jarri badute ere, euren negozioen galera ekonomikoak jasangaitzak izan daitezkeela aurreikusten dute. Gauzak horrela, ostalaritza sektoreak eskari zuzenak luzatu ditu:  langileen ERTE-en %100a jasotzea; lantokietako alokairu, hipoteka eta konpromisoei irtenbidea ematea; Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa ekonomiko zentzuzkoa eta ez beste kutxa batzuetara joango diren diru laguntzak jasotzea; eta, zergak etetea eskatzen dute, besteak beste.

 

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!