Koronabirusa

Ateak itxi arren, ez dute isilik geratzeko asmorik

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko azaroaren 19a

Amasa-Villabonako eta Tolosako ostalariek deituta, manifestazioak izango dira larunbatean; sektorea babesteko, deialdiekin bat egitea eskatu diete herritarrei

Hilaren 7az geroztik, eta Jaurlaritzak ezarritako aginduaren ondorioz, ostalaritza establezimendu guztiek itxita dituzte ateak. Taberna eta jatetxe batzuek, jatekoa etxera eramateko zerbitzua eskaintzen dute, baina oro har, sozioekonomikoki galera handiak ekarri dizkie agindu honek.

Hori dela eta, ezarritako neurrien aurkako mezuekin eta laguntza gehiago aldarrikatuz, mobilizaziorako deia luzatu dute larunbaterako, eskualdeko bi herritan. Manifestazioak egingo dituzte Amasa-Villabonan (11:00etan, Errebote plazatik), eta Tolosan (17:00etan, Trianguloa plazatik). Tolosako deialdia babestu dute Harizpe, Iturriza, Beti Gazte, Oneka, Duintasuna eta Villabonako erretiratuen taldeak.

Mezu argi bat zabaldu nahi dute: «Erakundeek entzun dezatela ostalaritza ez dela lokal soil bat besterik». Herritarren eta eragileen babesa ere eskatzen dute, ahalik eta lagun gehien bildu nahian. «Kontuan hartzen bagaituzte, elkarrekin harremanak mantentzea posible izango dugu». Besteak beste, Tolosako manifestaziora joateko prest azaldu da Tolobolei elkartea. «Urteko gure ospakizun berezienean pizgarri dira, eta bizia ematen jarrai dezaten nahi dugu», diote bertako kideek. «Gerturatu zaitez udako txapelketan ordezkatzen zaituen tabernako kamiseta jantzita», gehitu dute.

Bestalde, Zizurkilgo ostalariek bilera izan zuten, astelehenean, udaleko kideekin. Ostalariak bizitzen ari diren egoera gogorra leuntzeko asmoz, diru laguntza lerroa prestatzen ari da udala.

Erlazionatuak

Babesleku izan garenez, babestu ostalaritza

Erabiltzailearen aurpegia Javi Rivero, Mireia Carceller eta Jose Manuel Toledo / Tolosako ostalarien izenean 2020 aza 19 Tolosa

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!