Koronabirusa

«Ia egunero neurri berriak ezartzen dizkigute, ezer garbi utzi gabe»

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko aza. 19a, 07:58

Txurrut tabernako bazkideetako bat da Oihana Zubiondo. Kezkatuta dago, bizi duten egoera gordinagatik, batez ere, euren tabernan. Ostalariek ohiko zerbitzuari ahalik eta azkarren berrekiteko, eta sektorea babesteko, manifestazioan parte hartzera animatzen ditu herritarrak.

Zer dela eta egingo duzue larunbateko manifestazioa?

Pasa den astean elkartu ginen herriko ostalariak, eta gure aldarriak ozenago entzuteko mobilizazio bat egitea adostu genuen.

Nola burutuko duzue?

Udaletxe paretik abiatuko gara; ondoren, Irualdeta tabernaraino joan, eta bueltan, Kale Berritik barrena, Xaldu tabernara joango gara. Amaitzeko, Errebote plazara itzuliko gara. Ostalaritza sektoreko langileez gain, bestelako norbanako eta eragileak gerturatzea ere nahi dugu. Guk pankartak emango ditugu, baina eurek aldarrikapen mezu gehiago eta musika jotzeko instrumentuak ere eraman ditzatela.

Garrantzitsua da gainerako herritarren laguntza, ezta?

Ahalik eta multzo handiena osatu nahi dugu herritarrekin. Udal gobernuak, gainera, sektorea laguntzeko prestutasuna adierazi du eta horretarako formulak aztertzen ari direla azaldu dute.

Zer aldarrikatzen duzue?

Ez da justua gure establezimenduak soilik ixtea, eta are gutxiago, modu honetan. Ez dakigu ezertxo ere ez laguntzei buruz; prest dituztela esan badute ere, ez dira iristen. Ia egunero, gainera, neurri berriak ezartzen dizkigute, ezer garbi utzi gabe.

Segurua al da ostalaritza?

Bai. Hasieratik ezarritako segurtasun eta higiene neurri guztiak betetzen ari gara, eremuak egokituz eta behar bezala desinfektatuz. Hala ere, sinetsarazi nahi dute ostalaritza ez dela eremu segurua. Ostalaritzan ez da kasurik, ezta fokurik izan. Errua gurea dela diote, baina ez da horrela. Ez digute eman beharreko garrantzia ematen, eta ez gaituzte behar beste babesten.

Egokiagoa izango zen beste neurri batzuk ezartzea?

Ordutegia murriztea, adibidez, egokia iruditu zitzaidan. Egia da, estres handiko uneak zirela, dena pilatzen zelako, baina behintzat lanean ari ginen, ez orain bezala. Beste aukera bat terrazak bakarrik zabaltzea izan daiteke, baina gure kasurako ez litzake onuragarria izango.

Erlazionatuak

Ateak itxi arren, ez dute isilik geratzeko asmorik

Josu Artutxa Dorronsoro 2020 aza 19 Tolosa

Babesleku izan garenez, babestu ostalaritza

Erabiltzailearen aurpegia Javi Rivero, Mireia Carceller eta Jose Manuel Toledo / Tolosako ostalarien izenean 2020 aza 19 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!