Herritarren babesa jaso dute

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko aza. 14a, 15:13

Amarozko auzotarrek deituta, herritar ugari gerturatu da Plaza Zaharrean egindako elkarretaratzera. Beste behin ere, auzoan botikina jartzeko eskaera egin diote udalari.

Gaurko elkarretaratzean, aurrekoetan bezala, auzoan botikina jartzearen garrantzia nabarmendu eta hori egiteko zenbait arrazoi eman dituzte: "Auzotarren %34ak baino gehiagok 60 urte edo gehiago ditu; irisgarritasun eta mugikortasun arazoak gehitu behar zaizkio horri, ez direlako kontu txikiak", adierazi dute.

Herritar batzuei egindakoa gutxi irudituko zaielakoan, datorrenari begira, mobilizazioekin jarraitzeko asmoa dute, helburua lortu arte. "Badakigu botikina irekiko dela Amarotzen, badakigu botikina gure borrokaren ondorioz lortuko dugula, baina gauden egoeran egonda, ahalik eta azkarren irikitzea espero dugu, auzotar askorentzat bizi kontua delako. Botikina irekitzen ez bada, honek ez du amaierarik izango".

Azken egunetan herritarren artean udaletik heldutako zenbait mezu entzun dituztela adierazi dute. "Lanean ari direla, saiatzen ari direla, eta botikina irikitze aldera pausoak ematen ari direla entzun dugu. Gure aldetik gauza bakarra esan dezakegu honen inguruan, eskerrak eta animoak ematea, eta bide horretan elkarrekin izango gaituztela berriz ere esatea. Hasieratik defendatu dugu bide honetan elkarlana beharrezkoa zela".

Azkenik, eskerrak eman dizkiete azken asteetan gertu izan dituzten herritarrei. "Datozen asteetan ere gurekin egotea espero dugu. Egindakoari erreparatuz, zenbaiti sinesgaitza irudituko bazaio ere, hemen jarraituko dugu eta hemen jarraituko dugu botikina izan arte. Ez dugu etsiko. Berandu baino lehen, botikina Amarotzen".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!