Eukene Larrarte, elite mailako Europako Txapelketan

Imanol Garcia Landa 2020ko aza. 11a, 11:57

Eukene Larrarte, orain gutxi egin den 23 urtez azpiko Europako Txapelketan. RFEC

Taldekako jazarpenean, omniumean eta madisonean ariko da tolosarra.

Orain hiru urte parte hartu zuen Eukene Larrartek pistako elite mailako Europako Txapelketan, eta aurten berriro ere bertan izango da Espainiako selekzioarekin. «Hiru urteren ondoren, lehen aldia izango balitz bezala da», esan du Gipuzkoa Ogiberri taldeko txirrindulariak. «Maila handiko probetara ohituta nago egin dudan egutegiarekin, baina egia da Europako Txapelketa bat edo Munduko Kopako proba bat beti plus bat gehiago izaten dela». Helburu bezala jarri zuen aurten txapelketa horretan parte hartzea eta «oso pozik» dago tolosarra aukeratua izan delako: «Urte txukuna egin dudala uste dut, eta nahiko garrantzitsua da niretzat bertan izatea, izan dugun urte zaila eta gero». Bulgarian jokatuko da txapelketa, gaur hasi eta igandera arte.

Duela hiru urte puntuazioan eta madison probetan parte hartu zuen. Oraingoan lehenengo aldiz parte hartuko du taldekako jazarpen proban. «Guretzako proba berria da eta aspirazio handirik gabe joango gara. Espainiako selekzioa ez da inoiz oso indartsua izan proba honetan, baina niri ilusioa egiten dit, betidanik asko gustatu izan zaidan proba da, eta gozatzera joango naiz», esan du. Omnium proban ere parte hartuko du, eta horrez gain Tania Calvo Gipuzkoa Ogiberriko taldekidearekin madisonean ariko da. «Ez dugu elkarrekin eskarmentu handirik madisonean, eta ahalik eta ondoen egitera joango gara».

Omniumeko proban erregulartasuna erakusten saiatuko da, eta borrokan egon ahal duela erakutsi nahi du Larrartek. «Madisonean Taniarekin probaz proba goaz ikasten, eta aurreko lasterketan egindako akatsak zuzentzeko asmoa dugu. Pixkana joango gara, pausoak emanez. Oraingoz bost entrenamendu bakarrik egin ditugu elkarrekin, eta hemendik aurrera hobetzea espero dugu», esan du tolosarrak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!