10 urte dira, azaroaren 10ean, Memoriaren Eguna ospatzeko gonbita luzatu ziela Eusko Jaurlaritzak euskal erakundeei. Tolosako Udalak proposamen horri heldu zion hasieratik, eta horrela jarraitu du azken urteetan. Atzo ere, udala osatzen duten hiru alderdi politikoek kaleratutako adierazpen instituzional bateratua irakurri zuen Olatz Peon alkateak, Euskal Pizkundea plazan egindako ekitaldian.
Joxe Mari Villanueva (PSE-EE) eta Andu Martinez de Rituerto (EH Bildu) zinegotziak izan ziren Peonekin (EAJ-PNV) batera. Gizarteak azken urteetan jasandako indarkeriaren eta heriotzaren historia ezagutzeko nahiz ez ahazteko eskatu zieten tolosar guztiei, eta batez ere, belaunaldi berriei. «Gure gertuko historiaren egutegian, gaurkoa da motibazio politikozko indarkeriak eragindako heriotzarik gertatu ez den egun gutxietako bat».
Tolosan eta Tolosatik kanpo eraildako herritarrak gogoratu nahi izan zituzten. Gehienak, ETAren adar ezberdinek erail zituzten; besteak, berriz, Estatuko segurtasun-indarrek eta haien ingurukoek (GAL, BVE…). «Zorionez, aldaketa ugari eman dira azkenaldian, gizartean; sufrimendu ugari izan da, alde guztietatik. Hortaz, ezinbestekoa da iraganari buruzko irakurketa kritikoa egitea», zioen Villanuevak.
Aurten, baina, aipamen berezia egin diete kartzelara Tolosako presoak bisitatzera zihoazela, auto istripuz hil ziren hiru senitartekoei. «Ezin ditugu ahaztu, horiek ere biktimak baitira». Martinez de Rituertoren hitzetan, «aurrerapauso bat» da. «Biktima guztiek izan behar dute tokia memorian, baita zoritxarrez dispertsioak eragindakoek ere».
Biktima horiez gain, gogoan izan zituzten oinarrizko giza eskubideen urraketak jasan dituzten guztiak ere. «Indarkeria bidegabea dela aitortu nahi dugu, eta biktima guztiei gure elkartasuna eta hurbiltasuna adieraztearekin batera, egia, justizia, aitortza eta erreparazioa eskatzen dugu denentzat».
Gauzak horrela, ideien aniztasunarekiko, printzipio demokratikoekiko eta giza eskubideen defentsarekiko errespetuan oinarritutako bizikidetza ezartzeko, borondate eraikitzailea partekatu nahi du udalak. «Hitzordu honek balio dezala inoiz errepikatu behar ez den iraganari buruzko hausnarketa kritikoa eta elkarrizketa plurala sustatzeko. Elkarri entzutea eta biktima guztiek izandako min, sufrimendu eta bizipen guztiak aitortzea dira gizartean eman ziren urruntzeak gainditzeko abiapuntua».