Herri honetan badakigu memoriaren eta honen osaketaren inguruan lan egitea lokatz-bide astun batean aurrera egitea bezalakoa dela. Erreka-lainotan izandako izen-abizenak, urte askoren ondoren, gure memorietara ekartzea ez da lan makala eta, tamalez, askotan erdi-bidean geratzeko aukerak izaten dira.
Behe-laino horretan izan direnak, eta daudenak, euskal preso politikoen senide eta lagunak dira. Ehunka zauritu, ezbehar edo istripu baten ondorioz, dispertsio politikaren gurpil zoroaren eraginpean. 400 istriputik gora daraman kontagailua dugu eta, oraindik ere, kopuruak igotzen dihardu.
Dispertsio politika ez da arrazoi penitentziarioen menpe aplikatutako politika izan, erabaki eta helburu politiko zehatz batzuengatik inposatutako penitentzia baizik. Ez dira lan arrazoiengatik egiten diren bidaiak, are gutxiago opor-bidaiak. Era zabalean inposatutako salbuespen neurria da urrunketa: inposatutako kilometroak, inposatutako egun eta ordutegiak, inposatutako arriskuak. Familiako bizitzaren eta bizitza pribatuaren eskubideak urratu eta nahieran erabiltzen dituzte, urteak pasa ahala, higadura fisiko eta psikologikoak eraginez.
Zoritxarrez, hiru hamarkada luze dira dispertsio politikaren arrabolak zapaltzen gaituela. Politika honek ondorio lazgarriak izan ditu; orotara, 16 pertsonek bizia galdu dute errepidean, tartean, Tolosako hiru herritarrek: Rosa Amezaga, Arantza Amezaga eta Leo Esteban dira haien izen-abizenak, behe-lainotik aterata. Ez ziren trafiko-istripu baten erruz hil, inposatutako higadura-politika baten eraginpean izandako ezbehar baten ondorioz baizik, bere arduradun eta guzti.
Horien izenak, 2020ra ekartzeak badu bere sukaldeko lana, memoriaren erpin ezberdinetatik su epelean landutakoa. Memoriaren egun honetan, Tolosako Udalak eman duen urratsa goraipatu eta azpimarratu nahi dugu. Eredugarri dugu udalak eta bertako alderdi politikoek egindako adierazpena. Memoria integral eta osatu batean dispertsioaren biktimen izenak zizelkatuak izan behar dira. Ez da auto-afirmazioa edo konplazentzia ariketa bat bezala irudikatzen; zimenduak sendotu nahi ditugu, aitortu gabeko oinaze hauei merezi duten katalogazioa emanik, egun dugun politika mendekatzailea den dispertsioari behin-betiko amaiera eman eta berriro errepika ez dadin.
Konponbidea eta bizikidetzaren bide malkartsuan, horrelako aurrerapausoak oxigeno bonbonak dira. Sufrimenduak ezin dira kategorizatu, ez dute unitate estandarrik eta, oraindik ere, zaurien pisuak zama handia du. Bitartean, gure partetik, elkarbizitzaren errepidetik lasterka jarraituko dugu. Garaia dugu gure sufrimendua iraganean deklinatu eta asteburuetako errusiar erruletan ez jokatzeko, behe-lainotan geratutako izenak guregana ekartzeko eta aspaldion herri honek eskatzen duen konponbide-urratsa emateko. Hantxe izango gaituzue.