Iurreamendi eremuko plan berezia onartu dute

Ataria 2020ko urriaren 30a

Iturria: Wikipedia

Tolosako Tokiko Gobernu Batzordeak hasierako onespena eman dio Iurreamendi eremuaren Plan bereziari, horren hirigintza garapenerako. Udal gobernuak hirigintza garapen honen bitartez bi helburu bete nahi ditu: "batetik, Tolosako etxebizitza babestuen parkea handitzea eta Iurreamendiko berdegunea eskuratu eta herritarren eskura jartzea". 

Tolosako Tokiko Gobernu batzordean hasierako onespena eman diote Iurreamendi pasealekuko plan bereziari, espazio honen hirigintza garapenerako. Garapen hori dagoeneko indarrean dagoen HAPOan jasota dago eta Sukia Eraikuntzak S.A. promotorea arduratuko da eremuaren hirigintza garapenaz, udalak azaldu duenez.
 
Eremu horren garapenak helburu bikoitza duela esan du ere: "batetik, Tolosako etxebizitza babestuen parkea handitzea, eta bestetik, Iurreamendiko berdegunea eskuratu eta herritarren eskura jartzea". Horiek horrela, 141 etxebizitza eraikitzea aurreikusten da; horietatik 23 Babes Ofizialeko Etxebizitzak izango dira, 40 tasatuak eta 78 etxebizitza libreak.  Guztira, 61.365,02 metro karratuko espazioa urbanizatuko da eta %89a herritarren eskura jarriko den berdegune eta parkea izango da. "Beraz, hirigintza garapen honen eskutik, udalaren esku geratuko da Iurreamendiko parkea herritarren eskura jarri ahal izateko". 


Lanen hasiera 2021-2022rako aurreikusia
Hasierako onespen honekin martxan jarri da hirigintza garapenerako tramitazioa eta gauzak ondo badoaz 2021 urte amaierarako edota 2022 urte hasierarako hasita egongo lirateke hirigintza lanak. Udal gobernuak bere aldetik, bertako jabeekin lankidetzan lanean jarraituko duela esan du udalak, lehenbailehen garatu dadin aipatutako eremua. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!