Data berriak, aurreko astean atzeratutako kultur ekintzetarako

Ataria 2020ko urr. 30a, 14:59

Osasun egoeraren ondorioz, aurreko astean atzeratu behar izan ziren kultur ekitaldietako batzuk asteburu honetan egingo dira; besteak, berriz, datozen asteetan. Leidorren 20:30erako programatuta zeuden ikuskizunak aurreratu egingo dira, eta 20:00etan hasiko dira.

Aurreko astean atzeratu ziren kultur ekintzak datozen egunetan gauzatuko direla jakinarazi du Tolosako Udalak. Hala, Tolosako Udal Musika Bandak bihar eskainiko du kontzertua, 19:00etan, Zerkausian. Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen Bizidantza ikuskizuna, berriz, azaroaren 4an izango da, Leidorren, eta areto berean izango den Euskadivarius taldearen emanaldia, azaroaren 6an, 20:00etan.

Pirritx, Porrotx eta Marimototsen emanaldirako erositako sarrerak ez dira baliagarriak izango azaroaren 4ko ikuskizunerako. Edukiera mugatuagoa izango da, eta beraz, berriz erosi behar dira sarrerak. Gainera, edukiera mugak direla-eta, azaroaren 4ko ikuskizunerako pertsona bakoitzak bere sarrera erosi beharko du, baita edozein adinetako haurrek ere.

Aurreko saiorako sarrera erosita zutenei dirua itzuliko zaie, sarrera erosi zuten bide beretik: sarrera leihatilan erosi zutenek leihatilara joan beharko dute dirua jasotzera. Internet bidez erosi zutenei, berriz, sarrera erosteko erabilitako txartelaren kontu korrontera itzuli zaie dirua. Emanaldi berrirako sarrerak Leidorreko leihatilan edota internet bidez erosi daitezke, hemen klik eginda.

Zinema emanaldiak

Aurreko astean eskaini ez ziren filmak ere ikusi ahal izango dira asteburu honetan Leidor aretoan. Beraz, asteburu honetan, Rifkina’s Festival eta Verano del 85 eta Mina y el mundo de los sueños (haur zinema) filmak ikusi ahal izango dira Leidorren.

  • Urriak 30, ostirala:
    • 19:30. Rifkin’s Festival.
  • Urriak 31, larunbata:
    • 19:30. Rifkin’s Festival.
  • Azaroak 1, igandea:
    • 16:00. Mina y el mundo de los sueños
    • 19:30. Verano del 85.
  • Azaroak 2, astelehena:
    • 20:00. Verano del 85.

Ordutegi aldaketak

Gaur egun indarrean dauden segurtasun eta mugikortasun arauak kontuan hartuz, orain arte Leidorren 20:30erako iragarrita zeuden ikuskizunak 20:00etara aurreratuko dira: Astelehenetako zinema emanaldia, Euskadivarius taldearen kontzertua, Adriana Bilbaoren emanaldia eta Utzi zure mezua seinalea entzun ondoren eta Zaldi Urdina antzezlanak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!