Informatika ikasketak egin zituen Pakistanen eta bizitzak Europara bidean jarri zuen, Rizwan Sarwan (Pakistan, 1982), Bartzelonara lehenengo eta Tolosara gero. Bere herrialdeko jende askok bezala, negozio propioa ireki du, Mobil zone denda, San Frantzisko ibilbidean. Isilpean pasatzen den komunitatea da pakistandarra, Sarwan ere halakoa da, umila eta lotsatia. Tolosan oso gustura bizi eta lan egiten duela aipatu du, inguruaz gozatzeko denbora libre gutxi badu ere.
Pakistan nolakoa den deskribatuko al zenuke?
Pakistan ederra da, nire herria asko maite dut. Nola esango dut bada zerbait txarra sorlekuaz! Euskaldunak mendizaleak zarete eta Pakistanera askotan joan izan dira goi mendizaleak zortzi milakoak igotzera. Gurean, adineko jendearekiko eta familiarekiko errespetu handia daukagu. Pakistanera bidaiatzen baduzu oso jende abegitsua garela ohartuko zara. Urdu hizkuntza hitz egiten du gehiengoak, ni Punjabi zonaldeko izanik, punjabia ere egiten dut, ingelesa ere bai, noski, eta hemen gaztelania ikasi dut.
Euskal Herrian galdetzen al dizute zure herrialdeari buruz?
Gutxi batzuk.
Tolosan bazarete pakistandar batzuk, askok gainera dendak dauzkazue.
Hala da, janari dendak dauzkate batzuk eta nik berriz informatika eta mugikorren zerbitzua ematen dut, Mobile zone dendan. Pakistandarrak langileak gara, isilpean pasatzen gara. Lan ordu asko egiten ditugu eta denbora libre asko ez dugu izaten.
Tolosaldeko jende askoren salbazioa da zure denda!
[Barrez]. Mugikorrak, iPad-ak eta ordenagailuak konpontzen ditut, pantailak aldatu, zerbitzu teknikoa eman… Mugikorrentzako osagarriak saltzen ditut, bozgorailuak, mugikorrak, bateriak, bideo-jokoak. Komunikazio bide hauek oso errotuak daude gure gizartean eta jendearen eskaria nabaria da. Lana ahalik eta txukunen eta zerbitzurik onena ematen saiatzen gara, hartara bezeroa itzuli egiten da.
Duela zazpi urte ireki zenituen dendako ateak.
Bartzelonan hiru urte egin ondoren, etorri nintzen Tolosara. Herri txikiagoa, lasaiagoa, inguru oso ederrarekin, tokia gustatu eta mugikorren zerbitzua emango zuen denda bertan ireki nuen. Hasiera zail samarra izan zen, kanpotarra izanik alokairuan lokala hartzea, inor ezagutu gabe denda martxan jartzea, baina pixkanaka-pixkanaka lortu dugu gure tokia egitea.
Lanik ez zaizu falta, beraz.
Ez, ez, ez! Jende aurreko zerbitzua eta konponketak egiteko tailerra dauzkagu; bi lagunentzako lana sortzen da hemen. Igandeetan egiten dugu atseden eguna, gainontzean denda astelehenen goizetik larunbat iluntzera irekia izaten dugu.