Maroko iparraldean sortu zen duela 45 urte, Nador hirian, mediterraneo itsasoari so, Melillatik gertu. Espainiara 2004an iritsi zen, orduz gero, lanik ez zaio falta izan. ATARIAri elkarrizketa harakin amantala kendu gabe eskaini dio, bezeroak artatzen dituen bitartean. Jatorri ezberdinetako bezeroen bilgune da harakindegia. Bertan arabiarra hizkuntza nagusia bada ere, seme-alabek euskara egiten dutelako harro dago El-Mansouri.
Salam Alaikum, harategi honek munduko gastronomiaren txokoa dirudi!
Halaxe da bai! Halal haragia saltzen dugu, marokoar teak, espeziak, olibak, gozoak, teontziak, kazolak eta etxetresnak. Badugu ere hegoamerikar gastronomiaren atala ere, frijoleak, pikanteak eta errumaniarrek ere badute hemen beraien txokoa. Munduko gastronomia alegia!
Zure bezeroak nongoak dira?
Halal txekor haragia saltzen dut eta bezero asko magrebtarrak dira, baita komunitate musulmanekoak ere pakistandar, palestinar zein senegaldarrak. Baina hemen ateak mundu guztiarentzako ditugu irekiak, bereizketarik ez dugu egiten, auzokideak, tolosarrak ere etortzen dira noski, fruta eta barazkiak ere saltzen ditut eta. Hala ere, harategian gehien entzuten den hizkuntza arabiera da.
Halal haragia diozunean, zer esan nahi du?
Mekara begira hiltzen da animalia, odol hustu arte eta hiltzean, «Bismillah» Jaungoikoaren izenean esaten da. Musulmanen erritualean hiltzen da animalia.
Melillatik gertu sortu zinen, Nadorren. Kontinentez aldatzeko aukera nola sortu zitzaizun?
Marokon eraikuntzan egiten nuen lan eta 2004an Espainiara etortzeko aukera izan nuen lan kontratu batekin. Horrelaxe, bizitzaz aldatzeko erabakia hartu eta Espainiara bidean jarri nintzen, eraikuntzan egin nuen lan, primerako ofizial bezala Toledon, Tuteran…
Eta gero?
Krisia iritsi zen eta 2011n lanik gabe geratu nintzen.
Euskal Herriaren berririk ba al zenuen?
Ez nuen arrastorik ere! Tuteran nengoela entzun nuen lehen aldiz euskararen berri. Hitza bera esatea ere kosta egiten zitzaidan, ikasi dudan arren!
Eta, zuk, zenbat hizkuntza hitz egiten dituzu?
Etxean bereberrez mintzo gara, arabiarra ere badakit eta gaztelania ikasi dut. Euskaraz oso gutxi dakit, euskara, nire seme-alabek egiten dute ongi! Herrikidera joaten dira ikastera, hiru zaharrenek dotore egiten dute, txikia oraindik titiko umea da, zazpi hilabete ditu, baina ikasiko du!
Harategian lanean hasteko aukera nola suertatu zitzaizun?
Ordizian nengoen bizitzen eta adiskide batek harategi hau alokairuan zegoela aipatu zidan eta animatu egin nintzen. 2014ko urriaren 29an ireki nituen harategiko ateak eta, orduz gero, txarra-txarra lanean nabil. Lana egin behar dudala argi dut, herritar gisa nire betebeharrak zintzo betetzen saiatzen naiz.
Lana egin eta sortu ere egiten duzu!
Bai, harategian Marokoko gizaseme batek laguntzen dit, hemen sortzen da biontzako adina lan. Ostiraletan soilik ixten dut, guretzako egun sakratua delako, errezorako eguna. Gainontzean, hamabi orduz ditugu irekiak harategiko ateak, larunbatetik ostegunera.
Euskal Herrian gustura al zaude?
Oso gustura nago, hemen daukat nire negozioa, bizibidea ematen didana, nire emaztea eta seme-alabak. Ni pozik nago, beraiek pozik daude, zer gehiago behar dugu!
Sorterriak herrimina sortzen al dizu?
Herrimina baino gehiago, familia-guraso mina. Haiekin oroitzen naiz asko. Horixe du herritik urrun bizitzeak, familiaren parte bat faltan botatzea.