Eusko Jaurlaritzak indarrean jarriko dituen neurri berrien aurretik, azken egunotako datuen aurrean kezka azaldu du Olatz Peon Tolosako alkateak, eta harreman sozialak ahalik eta gehien mugatzeko eta neurriak zorrotz errespetatzeko deia egin du. Tolosa, Gipuzkoako gune gorrien artean dago, kutsatze tasa altuengatik. Atzo 24 kasu positibo berri atzeman ziren, gaur 16, guztira azken 7 egunetan, 87.
Alkateak, adierazi du egoeraren jarraipen estua egiten ari direla eta kezkatuta daudela egoeraren joera eta bilakaerarekin. “Azken egunotako datuak bereziki kezkagarriak dira, udalerrian, egunetik egunera kasu positibo gehiago daude eta horregatik, inoiz baino beharrezkoagoa da arduraz jokatzea, neurriak zorrotz errespetatzea eta gure harreman sozialak ahalik eta gehien mugatzea”.
“Ulergarria izan liteke denboraren poderioz neurriek nekea eragitea eta erlaxazio bat egotea herritarren artean, baina egoerari behar bezala aurre egin ahal izateko nahitaezkoa eta oso garrantzitsua da neurriak zorrotz betetzea, eta guztion ardura da gorakada hori etetea”, nabarmendu du alkateak.
Bete beharreko neurriak gogorarazi ditu:
- Musukoa erabiltzea
- Sintomarik izanez gero, etxean geratu eta isolatzea
- Leku itxietan giroa etengabe aireztatzea
- Eskuak etengabe garbitzea
- Distantziak mantentzea
- Ostalaritza establezimenduetan eserita kontsumitzea (musukoa edateko edo jateko kendu soilik).
- Jende pilaketak saihestea
Osasun sailaren neurri berriak ezagutu aurretik egin nahi izan ditu adierazpen hauek alkateak,. "Eusko Jaurlaritzak neurriak indarrean jartzen dituen momentutik horiek zorrotz beteko eta betearaziko ditugu, une honetan, gure eskumenen esparruan birusaren hedapena mugatzea lehentasunezkoa delako, gu guztion osasuna eta segurtasuna bermatzeko”.
Birusaren hedapena mugatzea, guztion ardura
Egungo egoerari aurre egiteko, alkateak "beharrezkotzat" jotzen du indarrak batu, herri kontzientzia sustatu, konpromiso eta ahalegin indibidual zein komunitarioari eutsi eta zuhurtziaz eta elkartasunez jokatzea, "hori baita elkar zaintzeko eta ingurukoak babesteko hartu beharreko bidea, bereziki kolektibo ahulenak”, azpimarratu du.
"Harreman sozialak ahalik eta gehien mugatuta lortuko dugu, elkarrekin, kasuen gorakada geldiaraztea eta birusaren hedapena mugatzea. Orain, inoiz baino modu arduratsuagoan jokatu behar dugu, horren araberakoa izango baita egoeraren bilakaera eta ziur naiz garai hobeak etorriko direla, elkarrekin egoteko eta gozatzekoak” esanez amaitu du alkateak.