«Nazioarteko mailan beste koskatxo bat egitea lortu dut pistako modalitatean»

Imanol Garcia Landa 2020ko urr. 21a, 15:59
Argazkia: RFEC

Podiumetik oso gertu egon da Eukene Larrarte tolosarra 23 urtez azpiko Europako Pistako Txapelketan. Lortutakoarekin gustura, orain absolutu mailan lehiatzeko aukeraren zain dago.

Eukene Larrarte (Tolosa, 1998) 23 urtez azpiko Europako Pistako Txapelketan lehiatu da orain gutxi, Italian. Lau probatan parte hartu zuen: omnium eta scratch probetan laugarren, madisonen zazpigarren eta puntuazioan zortzigarren egin zuen.

Ze sentsaziorekin itzuli zara Italiatik?

Oso onarekin, izan ditudan parte hartzeak nahiko onak izan direlako. Domina bat irabaztea sekulakoa izango litzateke, baina ez naiz horrekin geratzen, baizik eta izan dudan hobekuntzarekin. Oso pozik nago.

Lau probatan parte hartu zenuen. Madisonen Laura Rodriguezekin aritu zinen, eta zazpigarren geratu zineten, probako azkenak.

Ahal genuena egin genuen. Bikoteka izaten da proba, batera egin behar dena, eta ez genuen aurretik entrenatu. Proban bertan izan zen lehenengo aldia eskua elkarri ematen geniona, eta nik uste dut nahiko ondo egin genuela ikusita egoera zein zen. Puntu garrantzitsuak zeuden gero UCIko sailkapenari begira eta hautatzaileak erabaki zuen bikote bat ateratzea.

Puntuazioan zortzigarren egin zenuen, 15 parte hartzaileren artean.

Ondo joan zen. Aurrera egin nuen, eta esprintetan ez nintzen sartu, ihes egitea bilatzen nuelako. Ez nuen zortea izan, ni ateratzen nintzenean beste selekzioko bat ateratzen zelako atzetik, eta 400 metroko eta zementuzko belodromo batean zaila zen bakarrik bidea egitea. Harrapatu egin ninduten, eta gero ihesaldi ona atera zenean eusten saiatu nintzen eta beraiekin elkartzen, baina aurretik galdutako indar guztiak eragina izan zuen.

Beste bietan, scratchean eta omniumean, laugarren egin zenuen. Dominetatik egon daitekeen gertuena.

Puntuazioa gehiago gustatzen zait scratcha baino, azken honetan dena karta batera jokatzen duzulako. Esprint soila denean ez da niretzat egokiena izaten. Horregatik pare bat aldiz mugitu nintzen belgikarrarekin, baina atzetik harrapatu egin gintuzten hiru itzuli falta zirenean. Baina pozik nago harrapatu bezain laster ondo kokatu nintzelako eta esprintean laugarren egin nuelako. Ez naiz azkarrena eta laugarren postua lortzearekin oso gustura geratu nintzen.

Omnium proba bera lau probaz osatuta dago.

Nik begiz jota nuen proba zen. Probarik garrantzitsuena da, olinpiarra delako. Bertan oso garrantzitsua da lau probetan erregularra izatea. Scratcha da gehien kostatzen zaidana. Esprintean bukatu zen, ondo kokatuta nengoen, baina ez nuen guztia eman ahal izan eta zazpigarren bukatu nuen. Tempo Race proban alde egin zuen errusiarrak eta atzetik punturik gabe geratu ginen, baina punturik ez genuenen artean lehenengo geratu nintzen, eta guztira seigarren. Kanporaketa proban oso ondo aritu nintzen, baina arreta galdu nuen eta azkenean uste baino lehen kanporatua geratu nintzen; hor ere seigarren egin nuen. Puntuazio proba nahiko itxia izan zen, esprintetan jokatu zen, eta tarteka nahiko gogorra ere jarri zen. Pixkana puntuak lortzen joan nintzen eta azkeneko esprintean irabazi ondoren, lortu nituen puntuekin omniumeko sailkapen orokorrean laugarren egin nuen. Podiumetik hiru puntura geratu nintzen, eta beraz, oso pozik egindakoarekin.

Azaldu duzun moduan, omniuma Olinpiar Jokoetan lehiatzen denetako bat da. Datorren urtean egitekoak diren Tokioko jokoetarako balio al dizu Italian egindakoak?

Ez du balio Tokioko Olinpiar Jokoetarako. Sailkapena itxita dago, eta Espainiako selekzioak ez du sailkatzea lortu. Ni ez naiz sailkapen hori lortzeko lanetan aritu, ez naizelako Munduko Kopako probetara joan. Beraz, Parisera begira, 2024ko jokoetara begira jartzea besterik ez dugu. Horietarako madison eta omnium probetarako sailkatzea izango litzateke helburua. Egin berri dudan Europako Txapelketa honek espero dut balio izatea behingoz selekzio absolutuan nire lekua izateko, eta hemendik aurrera hitzordu garrantzitsuagoetan, Munduko Kopan eta Txapelketan, nire lekua egiten joateko, eta ikasten joateko. Hauetan sartzea izango litzateke lehen helburua, gero Olinpiar Jokoetara joan ahal izateko.

Italiara joan aurretik, Espainiako Pista Txapelketa izan zen jokoan Tafallan. Bertan hiru domina lortu zenituen.

Oso gustura nago lortutako emaitzekin. Jendea horretarako prestatzen da eta gustura nago egindako lanarekin. Europako Txapelketara joateko puntu onean nengoela erakutsi nuen. Halere, nire helburu nagusia Europako Txapelketa zen, eta baita gainontzeko nazioarteko txapelketak ere.

Denboraldia bukatu al zaizu?

Errepideko denboraldia bukatu zait, baina pistakoak jarraitzen du. Azaroa bukaera arte pista egiten jarraituko dut. Bi modalitateak egitean, ez dut denboraldi bukaera eta hasiera bat; esan daiteke atsedenaldi txikiak egiten ditudala.

Ze proba dituzu pistan urtea bukatu aurretik?

Europako Txapelketak daude, maila absolutuan, azaroaren erdialdean. Oraindik hautatzailearen erabakia falta zait jakiteko joango naizen ala ez, baina entrenatzen jarraitu behar dut. Gipuzkoa Ogi Berri taldearekin beste nazioarteko lasterketa batzuk baditut eta horiei begira ere entrenatzen jarraituko dut.

Eta orain arteko denboraldiaren zer balantze egiten duzu, bai errepidean zein pistan?

Errepidean gehiagorako gogoz geratu naiz. Koronabirusa dela-eta egutegia motzagoa geratu da pistakoa baino, eta ea datorren urtean gehiago parte hartzeko aukera dugun. Pistari dagokionez, jarritako helburuak beteta daude, beste koskatxo bat egitea lortu dugu nazioarte mailan, eta zentzu horretan balantze oso positiboa egiten dut.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!