Ingalaterratik datorren errezeta bat da. Landa-pastela, cottage pie bezala ezaguna da bertan. Han oso hedatuta dagoen errezeta da, izan ere oso merkea da prestatzerako orduan. Euskal Herrian baliteke ez dela horren ezaguna, ez dugula horrenbesteko ohiturarik baina oso erraza da. Plater bakar bezala jan dezakegu, nahikoa asetzen duelako.
Patatarekin hasiko gara. Zuritu eta zati handietan egosten jarriko ditugu. Kasu honetan ura bakarrik erabili beharrean basokada bat esne eta basokada bat ur erabiliko ditugu. Patatek ura zurrupatu beharrean, esnea zurrupatuko dute eta krematsuago geratuko dira. Gatz pixka bat ere botako diegu. Lapiko azkarrean, bost minuturen buruan prest izango ditugu. Behin egosita, likidoa baliatuta, zanpatuko ditugu. Ondoren, gurina gehituko diegu (urraren tamainaren zatitxo bat). Eta erreserbatuko ditugu.
Jarraian, barrukoa prestatzen hasiko gara. Lehenik, barazkiak garbituko ditugu. Tipula, eta azenarioa zuritu eta zatituko ditugu. Kuiatxoa zuritu gabe utziko dugu, ondo garbituta, hori bai! Eta azkenik piper berdea ere prestatuko dugu. Zartagin batean hiru koilarakada olio gehitu eta barazkiak pixkanaka-pixkanaka potxatzen joango gara. Sua bizi dugula gatz pitin bat botako diegu. Ondoren, sua jaitsi eta bertan izango ditugu gure barazkiak gozatu arte. Gustukoa izanez gero, pipermin beltz puntu bat ere gehitu ahal diegu.
Haragiaren txanda da jarraian. Bol batean arrautza irabiatuko dugu, arrautzari ogi txigortua gehituko diogu, gatz puntu bat ere gehituz. Guztia ondo-ondo nahastutakoan, haragia gehituko diogu. Haragi krematsuago bat lortuko dugu honela. Ondoren, nahasketa hau guztia zartaginetik pasako dugu. Sutan utziko dugu haragia, ondo egin arte. Haragia eta barazkiak nahastuko ditugu, jarraian. Bitartean, labea 180 gradutan berotzen jarriko dugu, gratinatzen.
Azkenik, pastela muntatuko dugu. Hiru kapatan muntatuko dugu: lehena, patatarena -oso fina- , eta hirugarrena baita patatarena ere, -honakoa lodiagoa-. Erdian, haragia barazkiekin joango da. Gainean birrindutako gazta gehituko diogu (Idiazabal edo Emmental). Labera sartu eta 15 bat minutuz utziko dugu, gazta gorritu arte.
OSAGAIAK
Kilo erdi haragi txikitua.
Tipula bat.
Bi azenario.
Kuia txiki bat.
Piper berde bat.
Bost patata.
Esne basokada bat.
Urtzeko gazta.
Olioa, gatza eta pipermin beltza.
Gurina.
Arrautza bat.
Ogi txigortua (baratxuri eta perrexilarekin).