Argazki galeria

«Berandu baino lehen, botikina Amarotzen»

Ataria 2020ko urriaren 17a

Amarotz auzoko bizilagunak kalera atera dira botikina eskatzeko; kotxe karabana batekin hasi dute eguna eta elkarretaratzea egin dute ondoren, Tolosako Plaza Zaharrean. "Prozesu burokratiko korapilotsu baten erdian, eta Eusko Jaurlaritzaren azken erantzunaren zain, eta egoera gehiegi luzatzen ari dela ikusita, mobilizatzea erabaki dugu, administrazioak gu ahaztu ez gaitzan", esan dute.

Tolosako Amarotz auzoan farmaziarik gabe daude otsailetik eta beraz, zailtasunak izaten ari dira sendagailak lortzeko, "hurbilen dagoen farmazia urrun dagoelako eta ondorioz, auzotar askok zailtasunak dituztelako bertara mugitzeko", esan du Aitziber Malkorra auzotarrak. Horregatik eskatzen dute botikina izatea.

Amarotz auzoko biztanleen %34 adinekoa dela gogoratu dute, baina hala ere auzoa ez dela geldirik geratu nabarmendu nahi izan dute. "Eskubidea da osasun laguntza egokia izatea eta medikazioa auzoan bertan eta medikuaren preskripzioaren unean bertan eskuratzea", azaldu du Malkorrak. "Deialdi honen ondoren beste batzuk etorriko dira eta behar diren guztiak, zailtasun fisikoak dituzten eta adinekoak diren pertsonek bizi kalitatea galdu ez dezaten eta Amarotzek bere botikina eduki dezan", gaineratu du.

"Denok gara Amarotz" eta "berandu baino lehen, botikina Amarotzen" esanaz bukatu dute deialdia, ondoren egin den osasun publikoaren aldeko manifestazioarekin bat eginaz.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!