Argazki galeria

Joxi eta Joxean oroitu eta omendu dituzte

Ataria 2020ko urr. 17a, 11:59

Jendetza hurbildu zen, atzo, Joxean Lasa eta Joxi Zabala tolosarren omenezko ekitaldian. Ostegunean, hilak 15, 37 urte bete ziren GALek Baionan bahitu zituela. 

Tolosako Bentaundi auzoan dagoen monolitoaren aurrean izan zen ekitaldia. Adar hotsarekin eta bertso batekin hasi zen omenaldia; agurraren ondoren, lore eskaintza egin zuten lagun eta senideek. Amaitzeko, Eusko gudariak kantua abestu zuten bertaratutakoek.

Ezker abertzalearen izenean irakurri zuten ekitaldiko mezua. "Gertaera horiek oroitu, eta oraindik inongo aitortzarik ez duten kideak ditugula oroitzeko ekitaldi xumea da", deskribatu zuten. Duela 37 urteko ondorengo esaldia ere aipatu zuten: "Han caído dos peces en Francia, y se los traen para acá". Galindok Julen Elgorriaga Gipuzkoako gobernadore zibilari esandakoa. "Hilabetez basatiki torturatuak izan ostean, Alakanteko paraje batean erail eta lurperatu zituzten, inork topa ez zitzan. Haien gorpuak 1985. urtean topatu zituzten, baina 1995era arte ez zituzten identifikatu eta herriratu".

Ezker abertzalearen omenaldiko idatziak honela jarraitzen du:

"2 urte pasa dira nazioarteko pertsonalitate zehatz batzuk Arnagako adierazpena publiko egin zutela. Bertan, euskal jendarteak eta ETA erakundeak konponbidearen norabidean, Aietetik ordu arte eginiko ibilbidearen errekonozimendu bat egiteaz gain, fokua oraindik erresolbitu gabeko bi gaietan kokatzen zuten: Batetik, preso eta iheslarien auzian. Bestetik, berradiskidetze prozesuan. Azkenik honen muina, biktima guztien aitortza eta erreparazioan kokatuz".

"Gaur egun oraindik, zerbitzuak ukatzen jarraitzen dute, beraiena ez den errelato bat, ofiziala ez den errelato bat, ere egon badela. Honekin, gatazka honetan izan duten erantzukizuna eta gatazka beraren izaera politikoa ezkutatu nahi dute, haien kontakizuna inposatuz".

"Zoritxarrez badakigu, ukatu nahian dabiltzan kontakizun hori existitu, existitzen dela, eta ehunka, milaka euskal herritarren sufrimenduarengan eraikita dagoela. Naparra, adibidez, oraindik ez da agertu, Txirrita eta Tottorekin zer gertatu zen oraindik ez dakigu". 

"Estatuak, torturatuak errekonozitu gabe jarraitzen du, gerra zikinak eta bestelako biolentzia polizial eta parapolizialak eragindako biktimak errekonozitu gabe jarraitzen du, hau da, gatazkan izan duen ardura aitortu gabe jarraitzen du. Honek arrazoizko konponbide bat bilatzea zailtzen du". 

"Horregatik, konponbiderako euskal prozesua Euskal Herritik eta Euskal Herriari begirakoa izango da, eta neurri batean, Estatuarekin konfrontatu beharko du. Konponbiderako euskal agendan, preso eta iheslarien etxeratzea eta kaltetu guztien aitortza eta erreparazioa dira lehentasunak. Hauek baitira bizikidetza demokratikorako ibilbidean ezinbesteko oinarriak".

"Ez genuke amaitu nahi gaurko oroimen ekitaldi hau, herri honen biziraupena irabazi zuten belaunaldi ezberdinetako gazteei aitortza egin gabe. Joxi, Joxean eta askatasunaren alde lan eta inklusio bizia eman zutenei esker baitago gure eskuetan bizitza duinaren erronka. Zor dieguna ez dugu inoiz ahantziko. Ez ditugu inoiz ahantziko, haien borroka askatzaileei esker sortu direlako egungo aukera berriak".

"Herri gisa bizitza erdigunean jarri zutelako gaude bizirik. Biziraupenaren erronkaz arduratu zirelako dugu gure aurrean bizitza duinaren lehia. Omenaldirik onena, askapenaren bidetik urrats berriak ematea!".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!