Irene Caminos, Espainiako Txapelketari begira

Imanol Garcia Landa 2020ko urriaren 15a

Jouy, Baron eta Caminos, Cambrilseko probaren sari banaketan.

Urte berezi honetan biketrialeko probak ere martxan jarri dira, batzuk behintzat, eta Irene Caminos tolosarrak dagoeneko Espainiako Kopako bi probatan parte hartu du, bietan bigarren eginez.

Bere aurretik Vera Baron geratu da bi probetan, eta hirugarren proba bat geratzen bada ere jokoan, ez duela Kopa irabazteko aukerarik esan du Caminosek. Horregatik, azaroan jokatuko den Espainiako Txapelketa du jomugan txirrindulari tolosarrak: «Iaz irabazi genuen eta ea aurtengoan ere posible den».

Sorpresaz hartu du Caminosek probak jokatu ahal izatea. «Udan esan ziguten denboraldia bertan behera geratuko zela. Munduko Kopa eta Txapelketa ez zirela egingo esan zuten, eta gero, azkenean, Espainiako Kopa eta Txapelketa antolatu dira. Pixkana goaz, beraz». Cartagenan eta Cambrilsen jokatu diren Espainiako Kopako probetan iazko maila ez zuela emango bazekien tolosarrak: «Nazioarte mailako probak egin ez direnez, banekien ez nuela maila bera emango. Azkenean, lehiaketaren erritmoa hartzen hasi gara, baina Vera Baron oso indartsu dago». Cambrilesen hirugarren egin zuen Mailys Jouyk.

Espainiako Kopako hirugarren proba Murtzian izango du, urriaren 25ean, eta ondoren Espainiako Txapelketa, azaroaren 7an eta 8an, Tarragonan. Txapelketan lehen postua lortzeko borrokan egotea nahi du. Halere, burua datorren urteari begira du batez ere: «Pixkana lehiaketako erritmoa hartzen jarraitu nahi dut, eta garrantzitsuena da hurrengo urtean hasieratik erritmo onarekin hastea, eta ea hurrengo urtean emaitza onak lortzen ditugun».

Denboraldia, beraz, lau proba eginez bukatuko du Caminosek. Ohiko denboraldi batean triala gehiago lantzen du udan, baina aurten alde fisikoa landu du gehiago: «Bizikleta alde batera utzi dugu, ez zegoelako txapelketarik. Orain, proba hauek jarri dituztenez, berriro hartu dugu bizikleta». Aurrera begira, datorren urteko Munduko Kopa eta Txapelketa ditu helburu nagusi: «Urteko proba garrantzitsuenak dira horiek».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!