Datorren urteko Tolosako inauteriak ere bertan behera

Ataria 2020ko urr. 8a, 15:06

Egungo egoera dela-eta Tolosako Udalak jakinarazi du, "arduragatik festa giroko jarduerarik ez dela egingo ohiko eran". Inauteriekin batera, udazkeneko azoka berezia bertan behera utzi du eta Eguberrietako eskaintza aztertzen eta lantzen ari da.

Tolosako Udalak inauteriak eta udazkeneko azoka bertan behera uztea erabaki du. Eguberrietako Olentzero eta Mari Domingiren etorrera eta Errege Magoen desfilea nola egin ere aztertzen ari da. "Jende pilaketak ekiditea bete beharreko oinarrizko eta funtsezko araua izanik", udalak, "arduragatik", festa giroko jarduera oro ohiko eran egingo ez dela jakinarazi du. 

Horren aurrean udalak urteroko ohiko jarduerak ordezkatzeko proposamen berriak landu nahi ditu herriko eragileekin elkarlanean, "tolosarrei, osasun eta segurtasun neurri guztiak beteko dituzten jarduera-egitarau berriak eskaintzeko".

Auzoetako festak eta azoka berezia

Auzoetako festen ordez, auzo elkarteetako ordezkariekin elkarlanean alternatiba bat landu dela esan du eta urriko zubian Kultura Plazara egitasmoaz gozatu ahal izango dela. "Kultur jarduera ezberdinak antolatu dira zezen plazan herritarrek kulturaz gozatzen jarraitzeko aukera izan dezaten". Eguraldi txarra iragarrita badago ere, aurreikusitako ekitaldi guztiak mantendu egingo direla aurreratu du eta euria egiten badu estalitako goiko eremua erabiliko dela zehaztu du. 

Azoka berezien kasuan ere uztailean ekin zion udalak eragileekin biltzeari eta dagoeneko ari dira proposamen berriak lantzen eta ixten. "Azokak ohiko eran ospatuko ez badira ere, ekintza txiki sinbolikoak egingo dira horien esentzia mantentzeko, azoka bereziak gure herri izaerari lotuta daudelako eta udazkenean gure herriaren ikur eta bereizgarri direlako". 

Eta auzoetako jaiekin eta azoka bereziekin egin den moduan, gauza bera egin nahi du udalak gainerako festa eta jarduera guztiekin ere: "lehenik eta behin eragileekin bildu, zer egin daitekeen aztertu eta ondoren proposamenak landu eta adostu".

Eguberriak eta inauteriak

Eguberrietako eskaintza aztertzeari ere ekin diotela esan du eta besteak beste, Olentzero eta Mari Domingiren etorrerarako edota Errege Magoen desfilerako. "Edonola ere, etxeko txikienei zuzendutako ekimenak, modu eraberrituan badira ere, mantentzeko konpromiso osoa du udalak".

Eta inauterien harira, egon litezkeen aukera berriak eragileekin lantzeko, inauterietan parte hartzen duten taldeekin bilerak egingo ditu udalak, gaurtik hasi eta urriaren 15a bitartean. "Izan ere, Tolosako inauteriak herritik eta herriarentzat antolatzen diren jaiak dira, izugarrizko parte hartze handia dutenak, horregatik, eragile guztiekin bildu nahi du udalak, inauteriak ohiko moduan ospatzea ezinezkoa bada ere, bestea aukera batzuk mahai gainean jarri, aztertu eta lantzeko".

Aisialdi taldeekin eta txarangekin bilerak gaur bertan egingo dituzte eta urriaren 14an danborradako kideekin eta karroza eta konpartsetako ordezkariekin bilduko da. Urriaren 15ean aldiz, Arpegiko, Txosnaguneko eta elkarte gastronomiko ezberdinetako ordezkariekin egingo dira bilerak. Proposamen berriak landu eta adostu ahala horien berri emango duela jakinarazi du udalak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!